2022ko OTSAIL OSTEGUNAK
Pandemiak azkar bete digu egunerokoa orain arte. Euskal ekosistemak ez du xantzarik. Bere bizitza jende harremanek, auzolanak eta kurutzaketek segurtatzen diote, eta justu hori guzia zaigu azkar trabatua izan azken bi urteetan jada.
Zerk bermatuko digu iraupena ? Egunerokoak bermatzen duen frantsesezko tsunamiari nola ihardokiko dugu ez baditugu sortzen ahal gune batzu gurea bizitzeko bete-betean ?
Jazko eta aurtengo Otsail ostegunak eginen ditugu beraz. Otsailean… eta martxoan !
Huna egitaraua. Hitzaldi guziak ostegun arratsetako 8ak30etan abiatzen dira, BIDEAK Donapaleuko gunean.
Ondotik, trago eta bixkotx !
Otsailaren 17a
Gudarien duintasunaz
Emilio Lopez Adan ‘BELTZA’
Emilio Lopez Adan mediku, euskal idazle eta pentsalari garrantzitsua dugu. “Beltza” izengoitiz ezaguna da. Bere lan gehienak euskal nazionalismoari eta askapen mugimendueri buruzkoak dira. Azkenik 3 liburu loditan euskal gatazkari lotu ekintza armatuen datuak eta analisi xehea argitaratu ditu Maiatz argitaletxearekin. Gaualdi honetan bere pentsamenduaren alderdi zenbait aurkeztuko dizkigu. Hona zer dion berak :
“Orain borroka armatua bukatu da, eta gehien entzuten den mezua gibeleko bortarik gabekoa da: ‘sistema politikoa aldatzeko bortizkeria txarra da, alferra, eta nehor ez da horren erabiltzeko haizu’. Mezua indarrez errepikatzen da, eta badirudi morala, etika, estrategia eta zentzutasuna elkarrekin dabiltzala, denak zentzu berean.
Alta, inguruneari begiratuz aise ikusten da historian eta munduan gaindi askatasunaren alde altxatu direnak ohoratuak direla. Parisen, duela gutxi, Errepublikaren ekitaldi ezin ofizialago batean kantatu dute ‘lagunak, selaurutik atera fusilak, metrailetak, granadak, armak eta labanak, kasu dinamitari!’. Zergatik Frantziakoak heroiak dira eta gureak, denak terrorista?”
Beltzaren ustez, askatasunaren alde altxatu ziren denak ; gero, errealitatearen gordinak eta halabeharrak arazo anitz sortu zizkieten, egin diren guziak ez dira egokiak izan eta batzuetan ezin zuritukoak. Ekintzen autokritika beharrezkoa da borrokaren zuzena argitzeko.
Dena den, deusek ez du zuritzen oraingo errepresioa, eta mezu “demokratikoak” ezkutatzen duen mendeku eta zapalkuntzaren errealitateari aitzi egin behar zaio. Hori izanen da Donapaleura ekarri nahi duen mezua.
Otsailaren 24a
Ezinezko egunsentia…
Mixel Oronos apezarekin.
Ezinezko egunsentia… Hona Mixel Oronos-en azken liburuaren titulua, eta azpitulu hau gehitzen dio : izurri beltzetik urrezko gangrenara.
Bi amikuztar gazteen ibilbideak baliatzen ditu hemengo elizaren ingurumarian Baionako apezpikuaren benedizioarekin eskuin muturra gero gehiago sartzen ari dela erakusteko.
Gazte horietarik bat, René Ollier Domintxindarra da, deportazioan hil dena 1944an, 20 urterekin. Bigarren gerla mundiala zen eta alemanen aztaparretarik eskapatzeko, iheslariak Atarratzeraino laguntzen zituen, gero handik muga pasa zezaten. Gutun batean bere izena agerturik, alemanek altxatu zuten eta Buchenwaldera eraman. Bere gorputza ez da sorterrira itzuli.
Bera baino urte bat lehenago, auzo herrian sortzen da Ithorrrotzeko jauregiko Bertrand d’Abbadie. Honek 20 urtetan, beste hautu batzu eginen ditu : miliziano sartzen da lehenik eta ondotik Waffen SS-etan aitzindari izanen da. Gerla bururatzean Argentinara eskapatzera heltzen da, ainitz nazien gisara. Familia handi bat haziko du 10 haurrekin, eta hiltzen denean 91 urtetan, bere gorputza bere sorterrira ekarria izan da.
René Ollier bezala engaiatu direnak baziren orduan, eta badira oraino ere. Bertrand d’Abbadieren ideien bidetik aldiz, Amikuze aldean gero gehiago agertzen dira, izan Domintxinen edo Etxarrin, Arüen edo Altzumartan. Sotana beltz horiek eskuin muturreko eliza bat eraikitzen ari dute, lehengoaren bidetik, eta hortarako bidelagun leiala dute Baionako apezpikua.
Gaia minbera da, eta bi gazte horien biziak paraleloan ezartzeak erakusten dauku gordinki atzo bezala, gaur ere, erne egotearen beharra.
Mixel Oronos apeza, erakasle izana da erretreta arte. Aspaldi du ez duela loturarik elizako hierarkiarekin eta bere urratsen libertate osoa duela. Bestalde, Euskal Konfederazioko lehendakari izana da elkartearen hastapenetarik. Bere idatzi gehienak frantsesez publikatuak ditu, aipatzen dugun liburu hau barne.
Martxoaren 3a
Batuz aldatu : hemengo euskalgintzak konkretuki nun ditu lehentasunak ?
KONTSEILUA erakundeko Haizpea Abrisketa eta Paul Bilbaok animaturik
Euskalgintzaren Kontseiluak, Batuz Aldatu manifestua atera zuen jaz. Besteak beste Zabalik elkarteak ere sinatu zuen Euskal herri osoko ehun eragileen artean. Zer da bere gaia ? Azken urteetan, izan Korrikaren inguruan ala Euskaraldia bezalako ekimenetan ikusi da euskalgintzaren ondoan instituzioak ere agertzen direla. Maleruski, aplikatzen diren hizkuntz politikak ez dira euskararen erabilera normalaren segurtatzeko gai. Ironikoki, erran daiteke hizkuntz politikek, beti frantsesa edo espainolaren hegemonia dutela oinarri. Batuz Aldatu ekimenaren helburua da beraz beharrezkoa dugun jauzi kualitatiboa egiteko indarren eta asmoen uztartzea, baina normalizazioaren bidean.
Gaualdi honetan, manifestua aurkezteaz bestalde, gogoetatuko dugu zein litezken epe laburrean obratu behar litezken lehentasunezko ekintzak. Eskualdez-eskualde Kontseiluak honelako bilkurak bultzatzen ditu, eta Donapaleukoa iparralde barnekaldeari doakiona izanen da.
Proposamen interesentea izaten ahal da, behingoz, bakotxa bere elkarte edo erakundetik lanean ari girelarik, elgar atzemaitea eta burua urrunago so egiteko altxaturik, ikus dezagun ze asmo ausart bultza ginezaken.
Bada garaia hizkuntza politikak euskararen garapenaren mesedetan ari daitezen, herritarren zerbitzuko egiazko politika publiko gisa gara daitezen, hezkuntzan, lan eremuan, administrazioan, kultura arloan, hedabideen arloan, alor numerikoan, aisialdian.
Martxoaren 10a
Euskalgintza eta feminismoa : elkartruke baten proposamena
Lorea Agirre Dorronsoro eta Idurre Eskisabel Larrañaga
Hizkuntza eta generoa gurutzatzen direla badakigu. Badakigu ze eragin duten emazte edo gizon izendatu izatearen baldintzapen sozial eta kulturalek hizkuntzen hautuan, hizketarako moldeetan, lekuetan, gaitegian eta prestigioan.
Ber gisan, hizkuntza gutxitua eta hizkuntza hegemonikoa ere botere harremanek lotzen dituztela badakigu. Badakigu euskaraz edo erdaraz aritzeak hizketarako moldeetan, lekuetan, gaitegian eta prestigioan eragina duela.
Euskararen normalizazioa eta genero (des)berdintasuna dira jokoan prestigioaren, pribilegioen eta eskubideen banaketak osatzen duen jendarteko botere sarean. Euskara eta emaztea, biak dira menderakuntzaren alaba, eta, horregatik, biak dira ahalduntzeko eta boteretzeko lekua.
Lorea Agirre kazetaria, ikerlaria eta Jakin aldizkariko zuzendaria da. Idurre Eskisabel EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean irakasle da. Beren ikuspegiak « Trikua esnatu da » (Lisipe saila) liburuan agertu berri dituzte. Beren ahotik deskubrituko dugu euskarak eta feminismoak batak bestetik zer ikusia eta zer ikasia dutela.
Ezin komenta gehio.