Pandemiaren ondorioz diren arau sanitarioek egunerokoa betetzen digute. Euskal ekosistemak ez du xantzarik. Bere bizitza jende harremanak, auzolanak eta kurutzaketak segurtatu du orain arte, eta justu hori guzia zaigu ezinezkoa urte bat honetan jada.
Zerk bermatuko digu iraupena ? Egunerokoak bermatzen duen frantsesezko tsunamiari nola ihardokiko dugu ez baditugu sortzen ahal gune batzu gurea bizitzeko bete-betean, konplexarik gabe ?
Hortakotz, usatuko Otsail ostegunen programa prestatu dugu aurten ere. Hizlariak hitzartuak dira, nola eginen dugun badakigu : maskekin eta metro pare bat jendeen artean, eta bukaerako tragorik gabe. Falta zaigun bakarra, jakitea noiz posible izanen den. Jakinean atxikiko zaituztegu…
Hitzartuak ditugun hitzaldiak
Euskarazko gazte identitate bat nola egin, euskaldun zahar eta berrien munduan ?
Miren Artetxe Sarasola, bere tesiaren aurkezten.
« Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako hainbat gazteren hizkuntza eta bertso-ibilbideak aztertu ditut hainbat urtez, behaketa eta elkarrizketa bidez.
Atera dudan ondorioetako bat da bertso-eskolak, bertso-munduko harremanek, eta bertsoaren inguruko bizipenek haien gazte identitatea garatzeko parada eman dietela parte-hartzaileei. Elgarrekin pentsatzeko, irri egiteko eta ekintzaile izateko parada. Gazteen artean gazte izatekoa, euskaraz. Eskolaz eta familiaz kanpo. Eta, paradoxikoki, eskola eta familiarekiko haustura hori bera dela gakoa, gazteek hizkuntza erabil dezaten, eta, beraz, transmisioaren katea ez dadin hautsi.
Bigarren ondorio bat hiztun berriei buruzkoa da. Euskara etxean ikasi dutenek, hiztun zaharraren legitimotasuna dute. Egiazko euskaldunak dira. Baina, euskara etxean ikasi ez dutenei, legitimitatea ez zaie baitezpada emana. Zenbait leku edo eremutan, irabazi behar duten zerbait da. Bertsolaritzak, zentzu horretan, legitimitatea ematen die bertsolari gazte hiztun berriei: bertsolari baldin badira, hiztun onak dira! Alta, bertso-munduan bizi dute lehen aldiz deserosotasunez hiztun berri izatea: “zure burasoek ez dakite euskaraz eta bertsutan ari zira? Biba zu!”. Nolaz zaigu harrigarri? Tentsio horiek agerian uzten dute hiztun berriekiko dugun ideologia orokor jakin bat, ez dena baitezpada estrategikoa euskararen (eta bertsolaritzaren) biziraupenerako. »
Miren Artetxe Sarasola Hendaiarra bertsolari bezala ezagutua da. Bere doktorego tesia aurkezten digu hemen.
Ezinezko egunsentia…
Mixel Oronos apezarekin.
Ezinezko egunsentia… Hona Mixel Oronos-en azken liburuaren titulua, eta azpitulu hau gehitzen dio : izurri beltzetik urrezko gangrenara.
Bi amikuztar gazteen ibilbideak baliatzen ditu hemengo elizaren ingurumarian eskuin muturra Baionako apezpikuaren benedizioarekin gero gehiago sartzen ari dela erakusteko.
Gazte horietarik bat, René Ollier Domintxindarra da, deportazioan hil dena 1944an, 20 urterekin. Bigarren gerla mundiala zen eta alemanen aztaparretarik eskapatzeko, iheslariak Atarratzeraino laguntzen zituen, gero handik muga pasa zezaten. Gutun batean bere izena agerturik, alemanek altxatu zuten eta Buchenwaldera eraman. Bere gorputza ez da sorterrira itzuli.
Bera baino urte bat lehenago, auzo herrian sortzen da Ithorrrotzeko jauregiko Bertrand d’Abbadie. Honek 20 urtetan, beste hautu batzu eginen ditu : miliziano sartzen da lehenik eta ondotik Waffen SS-etan aitzindari izanen da. Gerla bururatzean Argentinara eskapatzera heltzen da, ainitz nazien gisara. Familia handi bat haziko du 10 haurrekin, eta hiltzen denean 91 urtetan, bere gorputza bere sorterria ekarria izan da.
René Ollier bezala engaiatu direnak baziren orduan, eta badira oraino ere. Bertrand d’Abbadieren ideien bidetik aldiz, Amikuze aldean gero gehiago agertzen dira, izan Domintxinen edo Etxarrin, Arüen edo Altzumartan. Sotana beltz horiek eskuin muturreko eliza bat eraikitzen ari dute, lehengoaren bidetik, eta hortarako bidelagun leiala dute Baionako apezpikua.
Gaia minbera da, eta bi gazte horien biziak paraleloan ezartzeak erakusten dauku gordinki atzo bezala, gaur ere, erne egotearen beharra.
Mixel Oronos apeza, erakasle izana da erretreta arte. Aspaldi du ez duela loturarik elizako hierarkiarekin eta bere urratsen libertate osoa badu. Bestalde, Euskal Konfederazioko lehendakari izana da elkartearen hastapenetarik. Bere idatzi gehienak frantsesez publikatuak ditu, aipatzen dugun liburu hau barne.
Euskalgintza eta feminismoa bidaikide ?
Lorea Agirre Dorronsoro eta Idurre Eskisabel Larrañaga.
Hizkuntza eta generoa gurutzatzen direla badakigu. Badakigu emazte edo gizon izendatu izatearen baldintzapen sozial eta kulturalek hizkuntzen hautuan, hizketarako moldeetan, lekuetan, gaitegian eta prestigioan eragina dutela. Hizkuntza gutxitua eta hizkuntza hegemonikoa ere botere harremanek lotzen dituztela badakigu. Badakigu euskaraz edo erdaraz aritzeak hizketarako moldeetan, lekuetan, gaitegian eta prestigioan eragina duela.
Prestigioaren, pribilegioen eta eskubideen banaketak osatzen duen jendarteko botere sarean jokoan daude euskararen normalizazioa eta genero berdintasuna. Euskara eta emaztea, biak dira menderakuntzaren alaba, eta, horregatik, biak dira ahalduntzeko eta boteretzeko lekua.
Lorea Agirre kazetaria, ikerlaria eta Jakin aldizkariko zuzendaria da. Idurre Eskisabel EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean irakasle da. Beren ikuspegiak « Trikua esnatu da » (Lisipe saila) liburuan agertu berri dituzte. Beren ahotik deskubrituko dugu euskarak eta feminismoak batak bestetik zer ikusia eta zer ikasia dutela.
Harri arraiatu baten aitzinean
Bernardo Atxaga idazlea.
Ez da gehiago aurkeztu beharrik euskal literaturako idazle ezagunenetarik dena, dela Euskal Herrian ala munduan barna. Gure artera etorriko da bere bizitzako ardatza izan den langintzaren muinaren aurkeztera. Liburuen bidez bere hitzaren erabiltzeko duen talenduaz gozatua dugu orain arte. Hitzaldi honen bidez ahozko kondalariaren ezagutza eginen dugu.
Ezin komenta gehio.