Joan den ekainaren 25 eta 26an, JAKIN aldizkaria eta UEUren ekimenez, Iruñeko Katakraken hainbat konferentzia eta debate burutu ziren « Herria, nazioa, hizkuntza eta euskara » gaitzat harturik. Hauen jarraipen osoa baduzue JAKIN aldizkariko webgunean, erran nahi baita hemen.
Xan Aire, ADUR elkarteko kidea eta SEASKAn Euskaraz bizi ekimena bultzatzen duena gomit zen aurkez zezan bere ikuspundua gai horieri buruz.
Hona hemen, bere hitzaldia osorik, bideoaz gain.
« On n’attrape pas les mouches avec du vinaigre »
(…) Euliak ez direla ozpinez harrapatzen. Lorea Agirrek gaurko gaia planteatu zidanean, email dotore hartan, burura jalgi zitzaidan lehen erranaldia izan zen: on n’attrape pas les mouches avec du vinaigre.
Hiru kontu azpimarratu nahi ditut, hemen, erranaldi horrekin:
Gisa horretako atsotitzak frantsesez euskaraz baino errazago jalgitzen zaizkidala -edo zaizkigula- (eta Hegoaldeko jendeak frantsesez ez duela tutik ulertzen, bide batez)
Ozpintzen gaituen gaiak saihesteko trebezia garatzen ari garela Euskal Herrian ere bai
Eta jendea eulitzat hartzen dugula. Euliari erraten zaio, Urepelen, tontoari, motzari, inozoari
Ederki hasi gara: baikor!
Probokazioz hasi nahi izan dut hitzalditxoa, soilik azpimarratzeko ez dudala uste bizi dugun post-garai honetan deus onik gertatuko zaigunik. Euskara eta estatu kontuetan mintzatzera deitua izan naiz gaur… Baina ez naiz estatu-aferetan sartuko: nahiago dut garapenaren paradigman kokatu ene pentsamendua, uste baitut horrek duela gure mundua itzularazten, eta hainbat kontu gainditzen.
Garapen intentsiboaren, edo agresiboaren, apustua egiten ari gara batzuk, herri honetan ere: pragmatikoak, edo oportunistak gara. Abiadura izugarrian, dogmak bata-bertzearen atzetik estaliz, histeria sortuz historiaren ordez, sedukzioa gezurrez eraikiz, boterea pribilegiatu ikusezin batzuek atxikiz (izan ezkerran ala eskuinean). George Orwellek hain zehatz esplikatu izan duen enganatze kontzientean gabiltza. Horretatik, ez dugu Euskal Herririk eraikiko. Akaso Country bat, Now, eroriko zaigu zerutik.
Baina non kokatuko dugu gure Countrya? Uniformizazioa eskolaren eta kulturgintzaren bidez ezkutuan eraikitzen ari den gaurko Europan? Berak probokatu etorkinen saldoak militarki eta mugak itxiz soluzionatu nahi dituen gaurko Europan? Ederra kontua!
Barregarri agertzen zaizkit post-modernitateak lausotzen dituen identitateak: sekulako fenomenoak jalgitzen ari zaizkigu. Fenomenoak diot, pertsonak, edo, hobeki erran, pertsonaiak. Badugu auzo bat, Paxkal deitzen dena: tipo zoragarria, eskuzabala, beti laguntzeko prest, beti irribarretsu…
Bai, salbu gure Paxkal, iragan urtarrilean, ez zela gehiago Paxkal: ez, iragan urtarrilean, Paxkal… Charlie zen. « Je suis Charlie » erranez jalgi zitzaigun (Parisko atentatu haren ondotik), eta « Je suis Charlie » zioten pegatinak kolatu zituen autoan, irudi berdinak Facebooken zintzilikatu…
Baina horra hor gure Paxkal, enfin ez, Charlie, iragan maiatzean… Nepaldarra bilakatu zela! Alimaleko lur-ikara gertatu zitzaion etxean, enfin, etxetik 10.000 kilometrotara, sekulako sarraskia, 5.000 hildako… eta horra: nepaldarra bilakatua zitzaigun.
A, eta ahantzi dut erratea gure Paxkal, euh ez, Charlie, enfin, nepaldarra, iragan martxoan… Euskahaldun zela! Frantsesez, baina euskahaldun! Eta egin ditu kilometroak, azken Korrikan! Alta, proposatu izan diot autoz Gau Eskolara eramatea, behin baino gehiagotan, baina ez dut arrakasta handirik ukan…
Paxkal… Nor zara? Nor gara?
Ez ote gara nehor batzuk bilakatzen ari? Eta gure Nowko Countrya ez ote litzateke deusezkeri ederra? Euskarak ez lukeela horretan bizirauteko aukera handirik. Etengabe mugimenduan denak ere, ez baititu lotzen dituen kateak sentitzen…
Ez da gaurko gaia. Edo bai. Edo goazen behingoz Iparraldera zentratzera!
Herria da hizkuntza
Ipar Euskal Herrian, guti aipu da euskal estatuaren gaia. Bazterrak aski ozpindu dituen gaia izan da, azken hamarkadetan. Hautsi-mautsia lortu da lurraldearen ezagutzaren gaian, Hiri-Elkargoa izanen dena, iduriz, hemendik urte gutira.
Badirudi politikari eta eragile gehienak pozik dabiltzala Hiri-Elkargoaren gaiarekin: abertzaleak Ipar Euskal Herriaren ezagutza zerbait lortzearekin pozik, eta gainerateko politikariak, egitura frantses koadro juridiko eta ofizialean garatzen ari deno, pozik eta lasai askoan. Herritarrak ez direnez hainbertze kontsultatzen ere, pozik dabiltza denak.
ETAren armen herdoiltzeak anitz lasaitu ditu bazterrak, (su-etena iragarri duenetik, are gehiago), eta Aieteko konferentziak bakearen eta presoen gaia paradigma humanitarioan kokarazi duenez, horrek Ipar Euskal Herriko hautetsiak biltzeko eragina izan du. Parisen ikusi dira berrikitan, eskuz-esku.
Eta euskara Hiri-Elkargoan, zer?
Ez da argi. Euskal Konfederazioa hortik dabil, ofizialtasunaren gaiarekin itzulian, baina ez da argi ea Hiri-Elkargo berriak horrelakorik bidera dezakeenik. François Hollandek ere Paristik zerbait iragarri berri du, afera are gehiago lausotzeko.
Dena-den, azpimarratu nahi dut etxearen, hots, herriaren kontzientzia hizkuntzarena baino askoz gehiago garatuagoa dela Iparraldean ere. Hiri-elkargoaren gaia ez zen hain aurreratua izanen, etxe eraikitzen jakin ez balu abertzale-euskaltzaleen minoriak. Deigarria da ikustea azken 40 urteak nola iragan ditugun etxeak eraiki beharrez. Hain segur ere eskale egon garenez (eta etxebizitzaren gaia minberatsua baita Iparraldean?), normetan diren etxeak obsesio bilakatu dira, gure zilegitasuna (euskaldun gisa) horiek soilik emanen baligute bezala.
Herria ta hizkuntzaren ildotik aritzeko ordez, herria da hizkuntzaren ildotik arizan gara.
Hori nabarmena da Seaskan ere bai. Tresnak genituen ikastolak (herri eskolak deitzen ditugunak, preseski) helburu bilakatu dira, bortxaren beharraz lehenik, baina hautu kontzienteak eginez ere orain. Seaskako ikastoletako ikasle ohiak ere berriki bildu dira, Seaskaren Lagunak elkartea sortuz: xede nagusia dute ikastolen garapenerako diru-iturri berriak lortzea.
Xedea ukan zezaketen euskarazko aisialdia nola gara, adibidez. Baina ez, etxean kokatu dute gogoeta. Jendearen pentsamenduan, etxeak baitakar euskara. Egia izan daiteke, baina hein batean.
Preseski, hein batetik aurrera, hizkuntzaren gaia ez bada argi, ez da aise aitzinarazten, nahiz-eta etxe dotorean bizi. Hizkuntza-kontuekin, hala-hola iritsi gara intuizioz eta senaz. Eta arrazoibidea, zer?
Hiri-Elkargoaren gaian ere, euskara hor dago, totem gisa. Nehork ez dakiela sobera zer egin kontu horrekin. Ofizialtasuna ere nahasten baita euskararen normalizazioarekin, edo behintzat, ofizialtasuna daukagu euskaldun bizitzeko baimentzat. Eta hori hala deno, badut beldurra Hiri-Elkargoak ospitale bat emanen diola euskarari, eskola bat behar duelarik.
Eskola bat, soziolinguistikako kontuetan janzteko, hizkuntza-politikak iraunkorki garatzeko eta jendeak barneratzeko, euskarazko toki hegemonikoak konplexurik gabe sortzeko, kultura biziberritzeko, euskarari prestigioa emateko, euskahaldun bizitzeko. Hizkuntzarekiko dugun amalgama behin betiko baztertzeko: gauzak argi uzteko. Eskola bat, baina ez bakarra: informala gizartean, egituratuagoa elkarte-erakundeetan (enpresa batek enpresak olioztatuko lituzkeelarik?). Jakintzaz blaituko lukeen kooperazio-gunea. Hor dator post-garaiarekin talka: hizkuntzak, jarraikortasuna, dentsitatea eta sakontasuna beharrezko ditu, eta garapen intentsiboak ez du hori bideratzen.
Garapen iraunkorra
Hala ere, beldur ttipi bat herriari begira: Hiri-Elkargoa eraikitzen ari den bezala, Baiona eta mendebaldea oraindik gehiago indartuko dituela, barnealdea eta ekialdearekiko desoreka areagotuz.
Alta, ekialdea bizi baino gehiago da. Laborariek urteetan erakutsi duten kemena, jakintza eta inteligentzia babesteko, Euskal Herriko Laborantza Ganbara sortu dute. Auto-eraikuntzan eredu deigarriena izan da hori azken urteotan.
Eta horren inguruan, laket nukeen herria garatzen ikusten ari naiz: burujabea, elkartasunekoa, parte-hartzailea, eraikitzailea, kalitatekoa, ekologikoa, koherentea; eredu asistentziala baino, eredu kooperatibista aplikatzen duena; emazteei gizonen aukera berdintsuak bermatzen dizkiena; xumearen eta herrikoiaren aldekoa; atera etekinak herrian atxiki eta orekaz berriz zirkularazten dituena; belaunadiak elkar-gurutzarazten dituena; jakintzaren transmisioa iraunarazten duena; ingurumen juridikoa ezagutzen eta menperatzen dakiena (batzuetan, hobeki saihesteko, garatzen segitzeko)… Eta, hori guzia, histeria mediatikotik urrun, banderolak eta ekintza ikusgarriak doituz.
Garapen iraunkor edo jasangarri horrek, erakarri bezain, ekartzen eta ekarrarazten du. Batez ere nagusiki frantsesez egina delarik. Euskal Herriko Laborantza Ganbarak ez du euskararen aldeko hizkuntz-proiekturik finkatua.
Eta, hori eginen ez dueno, euskarari kenduko dizkio harreman-mundu bat, zirkuitu desberdin batzuk, eraikuntzan den mundu bat. Euskara, etxeko intimitatean konfinatuko du, hizkuntz-funtzioak eta erregistroak murriztuz. Iparraldeko euskara batuak frantsesa izaten jarraituko du. Eta uniformizazio kulturala eta linguistikoa babesten segituko du Laborantza Ganbarak.
Ekologiaren moda pasatzen ari bada ere, garapen iraunkorra, mundu mailan hedatzen ari den mugimendua da. Dogma berria izateraino? Bitartean, subordinatuek badute hor aukera itzaletik jalgitzeko: badirudi elikadura burujabea eta feminismoa paradaren baliatzen ari direla, munduan gaindi. Eta Euskal Herriko Laborantza Ganbararen inguruan grabitatzen duen ekosistemak ere, munduan topatzen duela berea elikatzekoa. Baina frantsesez, berdintasuna eta irekitasuna balio nagusitzat dituen mundu batean.
Eta hor, nazio-kontuek ez dute tokirik. Edo ez berehala. Komuntitateek, gehiago. Hari interesgarri bat tira daiteke hortik, behar bada.
Eskubideek? Naïf behar genuke izan Frantziarekin arlo horretan lehiatzeko: frantses izatea bera, eskubidea da. Hori, ADNean daukate: frantses hizkuntza, lorpen sozialarena da, zibilizatua izatearena, aukera berdinak edonorri eskaintzearena. Errepublika eta alternatiba da. Ikusi dugu, ikastoletan adibidez, eskubidearen arlotik eztabaidatuz, aldarrikatuz, aldi oro jaten gaituztela, gu erasotzailetzat pasaraziz. Eta ez dakit erasotzaile/biktima dikotomiak zer heinetaraino balio digun. Frantziari baino gutiago, hori segur.
Garapen iraunkorrak, antolatua den modu horretan, euskaldunoi paradigma interesgarria digu eskaintzeko… hizkuntza-kontuak argi baldin baditugu, behintzat. Arlo horretan daukagun jakintzan jokatuko da gakoa, hor ere bai.
Eta Belen Urangak esplikatu beharko digu zergatik Iparraldean ez dugun garapen iraunkor osorik bermatuko, hizkuntzarena saihesten duguno.
Pista interesgarria izan daiteke hori, euskararen gaia (frontalki eta kontzienteki) lantzen hasteko, Iparraldean menperatzen dugun semantika eta egin-molde batean. Baina euskaltzale jantzi zenbaitek hor izan beharko dute lanketa horri jarraikitasun kontzientea eskaintzeko. Hizkuntzaren amalgamak saihesteko, nahiz-eta gure herriaren geroa gure esku izan.
Hizkuntzarekiko amalgamak aurkitzen ditut geroz-eta gehiago. Ez dakit Gure esku dago-k hizkuntzarena argi duen. Edo « zer da euskal kultura » aipatzean ere… Loreak erranen du euskaraz egiten den hura dela. Baina Iparraldean, entzun daiteke Euskal Herriko jendeak egiten duen hura dela. Gauza bera da? Ez… Hizkuntza behin-eta berriz txikituko dugu.
Hala ere, Hego Euskal Herriarekiko harremanak sendotuz ere, Laborantza Ganbarak baluke bere jakintza euskaraz lantzeko aukera, transmititu aitzin. Hari interesgarri bat.
Zilegitasunaz
Horrek dakar hitzalditxo honen azken zatia. Hego Euskal Herriarekiko harremanak sendotzeak, euskararen habitata eskainiko liguke. Hori, gauza ebidentea, jakina da. Goazen urrunago.
Urepelen, Adur euskara elkartea sortu dugunetik, Baxenabarreko hainbat elkarteekin ibili izan gara trukean. Baina Nafarroa garaikoak ere hor ditugu, ate-joka. Aurizperritik, Atarrabiatik, Baztandik, Garesetik, Zarrakaztelutik. Korrikak ere eman digu amesteko parada, eta zilegitasun pittin bat gure bailaran.
Hizkuntzak ote dakar herria? Euskarak badu Urepel bere ingurumen hurbilari berriz konektatzeko ahala. Geroz-eta frantsesago izan diren puntutik, geroz-eta isolatuago geratu dira Urepel bezalako herriak. Mendien bertzaldekoak baino, mendi artean gure gisa bizi diren bezalakoak ikusten ditugu (eta topatzen). Batzuendako españolak izanen dira, edo bertzaldekoak, baina guri parekideak agertzen zaizkigu mendi artean. Badugu parada pentsatzeko Urepel dela Iruñea iparraldeko tokirik euskaldunenetarikoa. Euskara ikasi nahi duen pamplonesak, Urepelen baduela egonaldien parada, etxetik 50 minutura. D ereduko ikasle hiritarrek badutela naturan egoteko aukera hurbila, exotikoa, baina euskalduna.
Euskarak aukera zabal eta iraunkorrak eskaintzen ahal dizkio herri ttipienari ere. Mapatik borratzekotan geunden herri ahantziari. Ekialdea euskaraz berrantolatu, Ipar/Hegoa muga porroskatzeko. Hiriburuetan dena zentralizatzeko ordez, herrixken geroa bermatuko lukeen antolaketa berezi baten mentura.
Antolaketa berezia aipatu dut… Berezitasunak ez ote du gure zilegitasuna bere baitan gordetzen?
Gure berezitasuna ez ote da Txillardegi eta Labeguerie baino lehenagoko literaturan ere gordetzen? Ezagutzen ote ditugu gure libertimendu eta maskaradek ezkutatzen dituzten metaforak? Tradizioko tresnek, botereari hika aritzeko balio digutela kontziente ote gara? Antzerki herrikoia, gaurko neska-mutiko gazteen herri eskola izan daitekeela? Ondarean egon daitezkeela kateak apurtuko lituzketen aizkorak? Sasi-bideak eskaintzen duen askatasun-jario zirtzila nahi ote dugu, ala eroso jarraituko ote dugu gure boli-dorreetan?
Argi dago jakintza bat pilatuz joan zaigula hainbat arlotan, eta hori euskaraz konpartitzeko garaia etorria zaigula. Horrek ez duela gure zilegitasuna zalantzan jarriko, bermatuko baizik, tokian tokiko dinamikak errespetatzen baditugu (1990 hamarkada bukaerako egitura « nazional » artifizialek ez dute Iparraldean iraun, adibidez; egitasmo polita izan zen, nazional izan ginen bulegoak Baionan irekiz, baina bulego horiek poliki-poliki ixten ikusi ditut nik hasteko).
Jakintza konpartitzeak, bideratzen duen zintzotasun etikoaz gain, jendea maila berdinean jartzeaz gain, guk idatzi ez dugun legalitatearen oztopoak saihesteko gaitasuna ere badauka. Erasotzaile/biktima dikotomiatik ateratzeko gaitasuna ere badauka.
Ez gara behar bada horrela ofizial edo estatu eginen, baina erakustaldietan erretzen igarotzen dugun denbora, etorkizuna daukan zerbaitetan pasatuko genuke. Eta hizkuntzen biziberritzeko kooperazio eredu bat elika dezakegu mundu mailan engantxatu mugimenduan.
Fememinismoa eta elikadura burujabea aipatu ditut lehen, baina ez dut uste mundu mailako hizkuntzen biziberritze mugimendua kanpotik etorriko zaigula. Alta, irauteko eta motibatzeko ere, beharrezko izanen zaigu munduan kokatzea, elikadura burujabeak eta feminismoak erakusten diguten bezala. Behar bada hizkuntzen arteko kooperazio-mundu horrek digu eskas zaigun dimentsioa (estatua, edo bertze forma bat) emanen… baliabide eta paradigma egokiak eskaintzen badizkiogu. Lehentasun istorio. Denboraren bertze pertzepzio bat ere behar, ekialdean erraz aurki daitekeena.
Eta lehentasunak finkatzen hasten da, saihestu nahi ditugun gaiak mahai gainean jarriz, gaur UEUk eta Jakinek dotore egin bezala. Nahiz-eta hemen denak ados ez izan, nahiago dut gaur hanka sartu, tronpatu, kexatu, gaitzitu, eta bihar gogoetatzen segitzeko umiltasuna eduki. Hots, nahiago dut ozpindu, euli bizi baino. Milesker.
Ezin komenta gehio.