TELP tailerren antolatzeko xedea dugu euskara ardatz dugun hainbat elkarteen artean Baxenabarren. Huna tailer horien aurkezpen labur bat, euskararen aldeko kontzientzia duteneri
gomita luzatzeko.
Zer da TELP?
Herrialde Katalanetan sortu tailer bat (Taller per la llengua), katalanaren erabilpen soziala bultzatzeko xedez. Euskal Herrian praktikatzeko, EMUN taldeak egokiturik heldu zaigu, ikas
dezagun eta ausart gaitezen euskara erabiltzen egun guziz, goxoki eta normal, ezagunekin ala ez, gure ingurumenean.
Zer ikasten da?
Tresna praktikoak ematen dira, euskaldunok euskaraz mintzatzeko ditugun aurreiritziak eta konplexuak gainditzeko gisan. Adibidez, saltoki batean, lehen hitza euskaraz egitean, ez zaigula
deus larririk gertatuko ikasten da: horrela jokatuz, ateak zabaltzen ditugu, eta euskararen beharra baikorki sortzen.
Zergatik Baxe Nafarroan?
Guhaur ohar gaitezen toki pribilegiatuan bizi girela: gure xoko gehienetan, ez da zaila euskaraz dakien, edo bederen konprenitzen duen jendea topatzea. Aberastasun horretaz ohartzeko, tresna
eraginkorra bezain sinplea da guk euskaraz luza dezagun lehen hitza, jendea berriz usa dadin euskaraz harremantzen.
Eta erdaldunak, zer?
Erdaldunak ere kontuan hartuak dira: horien enpatia lortzeko tresnak ikasten dira tailerrean, estres linguistikoa gaindituz, eta euskaraz aberastera gomitatuz.
Tailerrak nola iragaiten dira?
Psikologia sozialeko aditu batek mekanismo batzuk esplikatzen ditu, sinpleki, praktikoki eta ludikoki: hainbat ariketa konkretu eta jostagarrien bidez ikasten da. Tailerra bi saiotan banatua da (2
aldiz 5 oren), batetik bertzera entseguak egin ditzagun gure egunerokotasunean.
Nori zabalduak dira?
Eguneroko bere harremanetan euskararen eremua hedatu nahi duen nornahiri, euskaldun zahar eta berriari. Mintzapraktikak egun guziz egin nahi dituenari. Euskaraz bizitzeko nahia eta beharra sendi duen jaun, andere eta zirtzilari.
Noiz, non, zer?
– Apirilaren 18an (lehen saioa) eta maiatzaren 2an (bigarren saioa), 09:00etatik 14:00etara (pintxo-pausa barne)
– Donazaharreko Lutxibordan
– Prezioa: 20 euro inguru
– Izena eman martxoaren 30a aitzin (toki-kopuru mugatua!!!!): telp.baxenabarre@gmail.com / 0687412590 (Xan)
Adur, Har’eman, Laminosine eta Zabalik elkarteak.
2015/03/10
Ezin komenta gehio.