Hemen biltzen ditugu sarean aurkitu ditugun artikulu zenbait aurtengo pastoralari buruz eta agertu duen berezitasuna, frantsesez pentsatu eta idatzia izana, aipatzen dutenak.
Itzulpena da beraz taularatua izan. Artikulu hauetan gai honek du zeihar lerroa eta batzuetan enbor osoa. Normal. Gauza berria da, ez genuen pentsatuko gertatuko zenik, agian gerta zitekeenik ez pentsatzea nahiago izan dugu ere (superstizioa nonbait, pentsatzeak berak gertatzea laguntzen balu bezala).
Baina gertatu da.
Zer da hau : bihurgune, bidetik jalgitze ala eboluzio logikoa ? Haustura ala jarraipen ?Eta gehiago pentsatuta, arazo ala aterabide ?
Lehen artikulua 2015ko martxoaren 21ean aurkitzen dugu, BERRIA egunkarian, Nora Arbelbideren eskutik. Hitza emaiten du bai autoreari, itzultzaile nagusiari eta pastoralako elkarteko buruzagiari. Interesenta da ikustea bakoitzak bere lekutik nola ikusten duen afera.
Hizkuntzari buruz autorearen eleak ekartzen ditugu honara : « Egia da, orobat, eginahalak egin behar direla hizkuntza hau ez dadin gal. Gure aktoreetan ere anitz dira ez dutenak mintzo. Nire pastoralean biziki presente da gai hori, pastoral guztietan bezala, hizkuntza babesteko behar hori. »
Bi ideia euskararen alde : ez bedi gal, babes dezagun. Museo bat aski da horien lortzeko.
Idoia Erasoren artikulua Gara egunkarian, Allande Sokarrosenak Herrian edo Berrian, emanaldi eguneri hurbil, gehien bat promozio artikuluak dira, Davanten testua ez hautatu izana arin-arin aipatua bada ere. Hizkuntz-hautuaz deus guti edo batere.
« Harrituta nago nola ez duen honek hauts gehiagorik harrotu, batez ere pastoralzaleen artean eta nola ez dituen jokalariak eurak aztoratu, nola onartu duten halako zapua. »
Emanaldi ondoan, gertatua salatzeko asmoz, edo bederen galdezkatzeko, ele hauek botatzen ditu Zuzeu web-atarian Hasier Etxeberria idazleak. Hau beste soinu bat da.
« Pierra Lhande izan zen Zuberoak ukan zuen lehen euskaltzaina… eta haren herriak, Zalgizek, lehendabizi frantsesez izkiribatua izan den pastoral bat eskaini dio! Holakorik…». A. Sokarros ere, emanalditik landa « laxatzen » da, jende anonimo batzuen ahotan ezarririk komentario hauek.
Ageri da lehenago aipatzeak enpresa osoari kalte egin dezaion ez dela nahi, alabaina 400 herritarrek parte hartzen badute, eta aitzinkondua den bezalakoa izanik (noraino, helduak gira orain : 150.000 € ?, ez dira gauza hauek aipatzen hainbat), buruz atakatu aitzin bi pentsaketa egiten dituzu.
Pentsaketa hauek berak egin dituzke Jean Louis Davant-ek ere, agorrila erditsutan Berria egunkarian bere iritzia agertzen duenean. Lehenbizi bere gertakari pertsonala aipatzen badu, azkenean galdera zuzen hauek botatzen ditu : « euskal kulturak erdaraz bizi behar ote duen, euskal literaturak itzulpenera mugatu, pastoralak frantsesez sortu eta gero erdara horren pleguetara euskaraz makurtu? »
Azkenik, bazterretik so direnek berdin xuxen asmatzen baitute, Martxoaren 21eko Berria egunkariko editorialean, Mikel Peruarena Ansak, gaia dohakion angelutik argitua kausitu dugu, gure iduriko. Korrika giroan idatzia da. Azken erranaldietan dator ohi bezala, sakea : » Baina nola ahaldunduko dira euskaldunak, euskarak antzezlanetarako hizkuntza bai, baina lanerako hizkuntza gisa baliorik ez duen bitartean? »
Finean hori baita galdera, gure hizkuntza noraino da pastorala deitzen den enpresa sozial harrigarri horren komunikazio tresna ? Frantsesez pentsatua da pastorala gehien bat, gure herrietan plantatua den diglosia giroan errex ulertzen dena. Frantsesez bizitua den bezala publikoaren parte zabalenaren ganik (aurten bederen liburutik jarraitu dutenek, testuaren bertsio originala jarraiki ahal izan dute).
Euskaraz saltzen den gauza hori, elebia da itxuraz, eta frantsesak euskararen gainean duen gaintasuna errotzen laguntzen du undarrean (diglosia hori da), legitimatzen eta normaltzen… Saltsa hortan, abertzalea edo euskaltzalea, jo ta ke inplikatzen dira halere, diglosia baita azken finean, euskarak duen (azken hain segur) aterbe epela. Mendea bederen horrela jarduten dugula hemen gaindi, eta euskara beti gainbehera doa…
Ezin komenta gehio.