Lorea Agirre JAKIN aldizkariko zuzendaria gaur, kazetari eta antropologoa da, Informazio Zientzietan lizentziaduna. Euskaldunon Egunkarian eta Berrian kazetari lanetan ibilia da. Euskararen eta euskal kulturaren inguruko ikerketetan parte hartu du Mondragon Unibertsitatean, Huheziko Sorguneak ikerguneko ikerlaria baita. Huhezin bertan irakasle ere bada gaur egun.
Euskalgintzaren inguruko pentsamenduan pieza ezinbestekoa dugu, eta Hiru Damatxo taldeak elkarrizketatzen du hemen Gure bazka deitzen duten sailerako. ARGIA aldizkariko webgunean astero gisa honetako elkarrizketa laburrak agertzen dituzte.
19. Korrikako lekukoan bidaiatu testoa berak idatzi zuen eta helmugan irakurri. Hona hemen Berria egunkarian agertu bezala.
Egiten duguna gara.
Izatea egitea da.
Eta egiteko hautatu egin behar da.
Lekua hartu, plazan sartu.
Bazterretik erdira etorri.
Plaza erdira etorri eta lekuaz jabetu.
Eta zutik jarri, eta eskua altxa, eta hitza hartu.
Beldurrak uxatu, lotsa erauzi, gutxiegitasun ustea erantzi eta duintasuna jantzi.
Eta ekarri euskara plazara, eztabaidara, basatzara, ur abisaletara.
Lokaztu, busti, kutsatu.
Eta eman eskua ahizpa ditugun beste ahalduntze bideei.
Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen.
Auzia ez da izan ala ez izan.
Kontua ekitea da.
Sortu. Eman eta hartu.
Parte hartu. Partekatu.
Leku hartu leku eginez.
Atea irekiz, aulkia eskainiz.
Ez gotortu, harresiak bota.
Aterpeak eraiki, taldetasuna josi.
Eremu askeak sortu.
Eskatu, galdegin, eman.
Gozatu, poztu.
Eragin, eraiki, ibili, erabili.
Hizkuntza erabiltzen duenarena da.
Auzia ez da izan ala ez izan.
Nolako edo halako izan. Kontua ez da hori.
Nor garen galdetzeari utzi eta nor izatera jauzi egitea da kontua.
Nor gara?
Bagara nor.
Ez gara menpeko perpausa.
Menpeko izateari utzi, eta ahalduntzea da kontua.
Euskaldun gisa ahalduntzea, herritar gisa ahalduntzeko.
Jabetzea. Boteretzea. Autodeterminatzea.
Izan ere, euskararen auzia politikoa da.
Euskal hiztunona auzi politikoa da.
Euskararena ez da kontu pertsonal bat: txokokoa, partikularra, etxekoa.
Euskararena ez da norbanakoaren kontua, nirea, zurea, beste harena.
Euskararena hiztunon auzia da, herritar guztion auzia da.
Euskararena auzi publikoa da, kolektiboa da.
Euskararena herrigintzaren auzia da.
Euskara plaza publikoan jokatzen da, eta plazaren izaera publikoa euskaran.
Plazan eta euskaraz harilkatzen da elkarbizitza, bizikidetza.
Plazan eta euskaraz borrokatzen dira injustizia sozialak.
Plazan eta euskaraz jartzen da frogan demokrazia.
Demokrazia demokratizatzeko balio behar du euskarak.
Auzia ez da izan ala ez izan.
Kontua ekitea da.
Eta nor izatea, herri hau euskaraz eta euskaratik arnas berriz sortu, bersortu eta ahalduntzeko.
Eta nor izatea, euskahaldunduz guztiok ahaldunduko gaituen herri bat sortzeko.
Izatea ekitea da.
Egiten duguna gara.
Ezin komenta gehio.