Bestatik landa, denak euskahaldun !
Amikuzeko euskalgintzak kausitu du bere parioa. Besta ederra plantatua zuen KORRIKAkari eta Aiziritzeko gelako egitarauak gozatzeko parada eman die Amikuzeko eskola elebidun eta ikastolako 200 bat haurreri eta arratsalde eta gaueko memento desberdinetan bildu ziren 300 bat laguneri.
Haurrek beren geletan landuak zituzten gauzak, hala nola ehunka marrazkiek edertu zuten besta gela, apailatu bertsuak kantatu zituzten lagunen aitzinean, cup song bat jokatu eta Korrikako kantuarekin bururatu zuten beren elgarretaratzearen lehen partea. Atsaskari labur bat (Intermartxe magasinak eskainirik) eta ondotik Patxin eta Potxin klownekin irri eta emozione frango partekatu zituzten alaiki. Damu bat, antolatzaileek bizkaitar pailasoekin ez hitzartu izana hiztegi lokalago bat, dotzena erdi bat hitz sinple, haurrek (eta burrasoek) beren burua errexago ezagutzeko hauen solasetan. Baina magiak operatzen du beti, eta hitzez haratago, keinuak, gorputzaren hatsak eta arrabotsak hor dira indartsu, nun eta haurrak jokoan sartu baitira osoki eta xoraturik atera hortik. Aitamak ere beraz, nolaz ez !
Arrakasta pollita bildu du salda lehiaketak ere. Eskertzekoak dira parte hartu duten ekipa guziak. Eskertzekoak ere epaimahaiko kideak : Jean Mixel BERHO, Ramuntxa SALLATO eta Niko MENDIBOURE. Ahantzi gabe barazkiak eman dituzten bi baratzezain biologikoak : Felix Kastetx Behauztarra eta Ramuntxo Lako Heletarra. Esker eta ohore deneri !
Huna jarraian lehiaketan parte hartu duten 8 ekipen palmaresa :
– Lehen: Domintxineko Elgarrekin elkarteko Hélène HAURIE eta Maddi KARRIKONDO
– Bigarren Gaztetxeko Saldaka ekipa : Maika THIKOIPE, Oihana ALGALARONDO, Aziliz ETXEBERRI
– Hirugaren: Arberatzeko kantina ekipa : Kati BOLOKI, Michèle PREBENDE, Kati LAMARQUE
– Laugarren, ondoko 5 taldeak :
– Xanfarin Hoztako Gau-eskolako taldea: Asisko, Gexi, Leixa, Ainize, Birlou, Ixa, Eztitxu, Itxaro eta Mirentxu
– Amikuzeko Txarangako ekipa : Francis CASTERA eta Xavier CHAMALBIDE
– Domintxineko Eki libre taldekoak : Sophie KEUFTEURIAN, Gabrielle BERHO eta Francois BAILLE BARELLE
– Amikuzeko Gau Eskola 1: Nivia LEFNO, Panpi eta Danièle DOUAY
– Amikuzeko Gau Eskola 2: Mado POUZARD, Peio SALIGNON eta Régine SABATIER.
Ohargarria da, uste komunaren kontra bada ere, hiru belaunaldik eta berdin gizon ala emazteek parte hartu dutela lehiaketa huntan.
Segidan salda on horiek guziak jendearen esku emanak ziren eta denek preziatu ahal izan zuten salda egileen trebezia zinez handia.
Ondotik, arratsak sorpresa frango ekarri zituen. Amikuzeko txaranga eta Gaitamik taldeek bazterrak alaitu ondoan, bertsulariek, Aitor Servier eta Katxo (Gibelurdinek taldeko atabalaria ere denak) ireki zuten afalondoa ederki. Berehala Tipul eta Putil agertzen ziren jendearen erdirat, eta harrigarriko ixiltasuna plantatu zen ostatu bazterreraino, nehork ez baitzuen ondarrekotz ateraldi bat ere hutsegin nahi, irri karkailak ere golkoan atxikiz deus ez galdu beharrez. Umore burrustaldi hortarik landa, kontzertuak hasten ziren, eta lehenbizi Etxekoak taldearekin. Talde hau KORRIKAren kantu ofizialaren egilea dugu aurten. Barne dira AEK baitako hainbat kantari edo musikagile, hemengo Jojo Bordagarai barne. Harrigarri izan da nolako kantaldia eskaini zuten, artifizialki sortu taldea izanik, zinezko nortasun eta harmonia batean eman baitute beren kantualdia. Ondotik Aguxtin Alkat bere taldearekin agertzen zen. Musika rockagora buruz hartua duen bihurgunearen ikusaldia izan ginuen, eta aparteko musikari horien laguntzarekin, segur bide ederra abiatua duela Aguxtinek. Azkenik, Gibelurdinek Algorta inguruko folk taldeak denak mugimenduan ezarri zituen, sua ezarriz denetan. Saioa bururatu zen bertsuka, alabaina Katxo atabalariaz bestalde, Fredi Paia ere talde hortako kide baita. Ahantzi gabe Amikuztar sasi-bertsulari bat taula gainera igan zela orduan, giroaren beroak itsuturik agian, baina bere emaitza ikusirik ez zen neholaz ere itsusturik atera argipetik !
Besta ederra zinez, adin, eremu eta gogo desberdinetako jendeak bildu dituenak, ideia eta esperantza berdin(tsu)aren inguruan. Agian Tipulek -edo Putil, edo Ttupil, edo Pittul, ez dakigu sekula zoin-zoin den!- berak erran bezala erran dezakegu : « euskara atxikazie, ez dauzie nehork ebatsiko ! », baina gu bakotxaren gogoari dagokio beste hunen pratikatzea : « euskara erabil dezagun, gurea da eta aberastuko gaitu! ».
Goazen segidan Korrikara, eta jarrai ondoko bi urteetan lelo berdinari, hatsaren gainean haatik, gure ahaletan baita, hala nahi izanez gero !
Intx ahala !
Ezin komenta gehio.