2015-11-15ko BERRIA egunkarian Nora Arbelbide kazetariak ondoko artikulua agertu du. Zer da euskal kultura ? Zendako euskal delarik definitu behar da, eta frantses delarik Kultura da tout court? Hona ausnartzeko bi gogoeta…
« Euskal kulturaz ari garelarik, zertaz ari garen. Definitzeko behar hori sentitu du Euskal Kulturaren Aldeko Herrien Arteko Sindikatuak. Ipar Euskal Herriko elkargo bakar baten alde ala kontra ari direla bozkatzen herriko etxeak, euskal kulturaz landu beharreko estrategiaz gogoeta abiatu du sindikatuak. Egitura bakarra eginez gero kulturaren eskumena har dezala eskatzen du, eta horrekin euskal kulturarena. Euskal hori zehaztu dezaten, irizpideetan presio egin nahi du. Arlo bakoitzean kontuan hartua izateko gisan. Agintariek ez dezaten ahantz, eta ez dadin urtu kultur orokorregi baten baitan. Kultura orokor bat zer ote den, ordea, ez zen zehaztu egin lan bilkuran. Ez zen zehazterik.Zergatik ez da zehazten frantses kultura dela izanen kultur orokor hori? Zergatik ez da kultur frantses horretaz gogoetatzen? Frantses kultura ez da nehoiz izendatzen. Kultura «unibertsala» da aipatzen. «Dena da kultura» argudiatzen. Alta, Frantziak bezain bat zentralizatzen duen kultur politika ez da anitz lekutan ikusten. Kultur ministerioak botere handia du, hezkuntzatik sorkuntzetara. Diru banaketak eta lehentasunak finkatzen ditu. Egitura deszentralizatuenetaraino. Unibertsala haiena. Euskal den oro, berriz, hetsia.Baina nik, Frantziako eskola publikoan, ez dut Shakespeare (1564-1616) irakurri, adibidez. Alta, norbait unibertsala izatekotan, Shakespeare hala dela pentsa daiteke. Niri Corneille (1606-1684) irakurrarazi didate. Bere Le Cid antzerkiko: «Ô rage ! Ô désespoir! Ô vieillesse ennemie !…» (O errabia! O etsipena! O zahartasun etsaia!) buruz ikasi behar izan nuen. Frantsesa zen Corneille. Frantses kultura didate irakatsi. Ai, barka, kultura unibertsala erran behar nuke agian?… Corneille horrela gutxiestea ere, zer pretentsioa nirea. »
Ezin komenta gehio.