Ander Berrojalbiz durangoarra Otsail ostegunez jin zen Ilharreko sorgin auzi arraro baten aurkeztera. 1370ean gertatu zen eta Garruzen epaituak izan ziren hiru Ilhartar.
Gertakari horren haritik, eta garaiko dokumentueri jarraikiz, liburu bat ondu du ikerlariak. Espainolez behin. Espero euskarazko bertsio batek argia ikusiko duela ere.
Hona hemen BERRIA egunkarian 2021/11/11ko edizioan agertu den artikulua gai honetaz.
Akelarreen iragan hedatua
Euskal Herriko sorginkeria epaiketa bat xehe agertzen duten agiririk zaharrenak aurkitu ditu Ander Berrojalbiz historialariak: Ilharreko prozesu batenak dira, 1370ekoak. Horiek oinarri, liburu bat osatu berri du sorginen biltzarrez: Akelarre.
Gauerdia zen, eta seguruenik ilargi beteko gaua irudikatuko zuen akusatzaileak: narrazioaren giroari beldurra eransteko gai bai baina hiltzaileak argitzeko ezgauza izango zen distira aztoragarria. Patxada osoz hurbilduko ziren etxera borreroak, eta erabakimenez adieraziko zuen emakumeak, Condesse de Beheythie ilhartarrak (Nafarroa Beherea), lana bere gain hartzeko asmoa. Eta haren ustezko hoztasun berarekin xehatuko zuen herrikideak krimenaren mamia: andrea txakur bilakatu zela etxean sartu eta hango jaioberria akabatzeko.
Krimenagatik epaituak izan ziren Beheythie eta haren ustezko kolaboratzaile Pes de Guoythie, sorginkeria egotzita, eta, torturatuak izan ondoren, akusazioak onartu eta askotariko xehetasunak erantsi zituzten gau hartan eta beste egun askotan gertatutakoen inguruan: antzaldaketak, apoekin egindako ukenduak, sagar pozoituak eta, are, akelarreak ere zerrendatu zituzten epailearen aurrean.
Gisa horretako prozesuetan sarri agertu izan diren elementuak dira, eta, hain justu, horrek egiten du kasua berezi: izan ere, 1370. urtean epaitu zituzten Beheythie eta Guoythie, baina berriki izan da epaiketaren nondik norakoen berri. Ander Berrojalbiz historialariak (Durango, Bizkaia, 1983) apelazioaren lau orriak topatu zituen duela urte gutxi, eta dokumentu horretatik abiatuta ondu du bere liburu berria: Akelarre. Historias nocturnas en los albores de la gran caza de brujas (Akelarrea. Gaueko istorioak sorgin ehiza handiaren atarian; Pamiela, 2021).
Sorginen bilerak ditu hizpide liburuak, eta horien inguruko beste hainbat testigantzarekin josi du obra: 11 hizkuntzatako agiriak, poemak eta marrazkiak bildu ditu, esaterako. Lanaren osagarri, ilhartarren kasuaren lehen orria, XVI. mendeko beste bi prozesutako agiriak, eta pare bat grabatu jarri dituzte ikusgai Durangoko Arte eta Historia Museoan, Akelarre baterako hiru dokumentu erakusketan, azaroaren 28ra arte.
«Sorginkeria prozesu baten inguruan gorde den agiririk zaharrena da» ilhartarren epaiketari dagokiona, Berrojalbizen arabera. Azaldu duenez, ezagutzen dira lehenagokoak, baina kontu agirien bitartez baino ez; alegia, epaiketen gastuen inguruko datuak daude bakarrik: besteak beste, zenbat gastatu zen akusatuak elikatzeko haien kartzelaldian; zenbat haiek erretzeko postea, egurra eta kateak erosteko; eta zer soldata zuen borreroak, Berrojalbizek zehaztu duenez. 1370. urtekoaz, berriz, argitara atera dira epaituen deklarazioak, salatzailearen argumentuak, eta sententzia.
Kontu agiriok «oso gordinak dira, eta oso gutxi esaten dute prozesuen edukiari buruz», Berrojalbizek azaldu duenez. Baina, hala ere, euren urrian, datu esanguratsuak ematen dituzte XIV. mendeko Nafarroa Behereko sorgin epaiketen inguruan, eta, era berean, baliagarriak dira 1370. urtekoari testuinguru bat taxutzeko, gutxi-asko. Izan ere, agiri horien arabera, 1314tik 1342ra bitartean hamabost emakume epaitu zituzten sorginak izatea egotzita, eta haietako hamalau erre egin zituzten —ez da jakina zein izan ote zen hamabosgarrenaren patua—.
«Agiri horiei esker, badakigu sorginkeria kasuak nahikotxo izan zirela Nafarroa Beherean», dio historialariak. «Europa mailako kontzentraziorik handiena erakusten dute: kontu agiriak gorde diren lekuen artean, ez dago besterik non hainbeste kasu egon ziren hain denbora gutxian, XIV. mendean». Gaskoinian (Frantzia) beste salbuespen bat dago, non hamabi izan baitziren, gutxienez, garai hartan epaitutakoak. «Horrek ez du esan nahi ez zegoela sorginkeria kasurik beste lekuetan, baizik eta agirien transmisioa eskasa izan dela, agian». Edonola ere, giro hartan mamitu zen ilhartarren aurkako prozesua, ezinbestean.
XIV. mendeko epaiketa denak prozesu zibilak izan ziren, Berrojalbizek azpimarratu duenez, eta ez-inkisitorialak. Biak bereizi ditu historialariak. «Normalean, inkisitorial hitza elizarekin lotuta erabiltzen dugu, baina berez prozesu sistema bat da: autoritate zibil zein erlijiosoek akusaziorik gabe egindako epaiketak izendatzen ditu; salaketarik ez da behar, susmoa bakarrik». Horiek horrela, Beheythie eta Guoythie Ilharreko lagun batek akusatu zituen, eta horren ondorioz abiatu zen prozesua.
Akerraren arrastoan
Durangoko herejeen inguruko libururako ikerketan (Los herejes de Amboto. ‘Luteranos’ en 1500, Pamiela, 2016), 1507. eta 1508. urteetako sorgin ehiza batzuetako hainbat agiri ezezagun aurkitu zituen Berrojalbizek, eta, horiek lantzen ari zela, ustekabean egin zuen topo Eugene Goienetxe historialariaren artikulu batekin, non 1370eko dokumentuaz mintzo baitzen. «Lehenengo orrialdea ezagutzen zuen bakarrik, eta ez zen konturatu dokumentuak zuen benetako garrantziaz».
Nafarroako Artxibo Nagusian orrialde gehiago egon behar zirela pentsatu zuen, eta beste hiru topatu zituen han, hain justu. Gaskoiz idatzita daude, orduko hartan hura baitzen Nafarroa Beherean hizkuntza administratiboa; gaskoiak dira orobat laburdurak, eta, gainera, XIV. mendeko tipografian daude idatziak dokumentuak. «Oso pertsona gutxi daude hori bermeekin transkribatu dezaketenak. Nik zeozer irakurri ahal nuen, baina Roberto Ziganda paleografoak transkribatu zituen, gero itzulpena egin eta ikerketa martxan jarri ahal izateko».
Aurkikuntzak mugarri bat ezarri du sorginkeriaren inguruko ikerketetan, metamorfosia eta infantizidioa leporatzen diren Europako lehen epaiketa delako, eta, era berean, aurrenekoz hitz egiten delako akelarreez, nahiz eta euskal hitza ez den aipatzen. Hizkuntza administratiboa gaskoia izanagatik, euskaraz ere hitz egiten zen Nafarroa Beherean, eta, horiek horrela, nahiz eta gaskoiz dagoen emana Beheythieren deklarazioa, historialariak uste du itzulpena besterik ez dela.
Gaskoiaren gramatikan oinarritu da Berrojalbiz hori adierazteko. Agirian hiru aldiz ageri da boque lane hitza, Beheythiek ebakita: gaskoiz, boque akerra da, eta lane, larrea, baina ordena gaizki legoke: egitura zuzena lane de boque litzateke. «Gramatikalki buelta emanda dago, euskarazkoa izango balitz bezala. Seguruenik, Condessek euskaraz deklaratu zuen, eta eskribauak, itzultzerakoan, kalkatu egingo zuen. Gerora, beste agiri batzuetan ere agertu izan da gaskoiz, baina ondo idatzita».
Argia eman dio Berrojalbizen aurkikuntzak, hortaz, ordura arte ilun zegoen historiako bazter bati. Han aurkitutakoaren analisia eta testuingurua ematen du historialariak, eta, erdi ilunpekotik tiraka, eremu argiztatuagoetara egiten du jauzi narrazioak. Izan ere, Euskal Herriko, Pirinio inguruko eta Europako prozesuetako zantzuekin alderatu du ilhartarren epaiketa, eta sorginen biltzarrak aipatzen dituzten beste hainbat mugarriri erreparatu die, zer elementu biltzen dituzten jakin eta errepikatzen diren horiek identifikatze aldera.
Haietako biren agiriak dira Durangoko erakusketan ikus daitezkeenak. Zaharrena 1508koa da, eta Durangon bertan egindako epaiketa bati dagokio. «Hego Euskal Herrian, lehenengo aldiz aipatzen dira sorginen batzarrak». 1592an Intzan (Nafarroa) egindako batean, euskal hitza identifikatu daiteke jada, aratz gailentzen baita letra etzan eta loratuz jositako anabasaren artetik: campo de aquer larre. «Berriz da euskaraz egindako deklarazio bat, gaztelaniaz transkribatu dena, baina kasu horretan euskarazko hitza mantenduta».
Alabaina, agiri legalez gain, bestelako testuei ere heldu die historialariak ikerketa biribiltzeko. «Adibidez, sorgin biltzarrak aipatzen dira gaskoiz dauden XVI. mendeko zenbait olerki interesgarritan». Eta Katalunian ere badaude lekukotzak. «XV. mendearen amaieran aipatzen da lana de boca».
Ikerketa ildo ugari
Bide bati jarraitzean, ugaritu egiten dira bihurguneak sarritan, eta Berrojalbizi ere beste horrenbeste gertatu zaio ikerketan. Liburua itxita dago, baina ildo asko zabalik daude oraindik. Batzuk oztopatuta daude, halabeharrez, informazio faltagatik, baina besteetan aise murgil daiteke. «Uste dut oraindik asko dagoela ikertzeko XIV. mendeko sorginkeriaren inguruan eta XVI. mendeko Nafarroaz, besteak beste». Liburuan jasotzen dituen prozesuetako batean, 1595ekoan, lehenengo akusatuaren lehen testigantzari baino ez dio erreparatu, baina hamazazpi izan ziren ikertuak orotara, eta 200 orri ditu guztira.
Akerrari jarraituz, interesa piztu dion beste ikergai bat ere topatu du. «Bai Katalunian, bai Gaskoinian, hiru lekukotzatan adierazten da akerrari emakume batek laguntzen ziola». Alegia, andre bat zela biltzarraren buru. «Euskal lurraldetik hurbil dauden tokiko agirietan agertu da figura hori. Europako ikerketa batzuek diote balitekeela sorginen batzarren inguruko istorioak antzinako jainkosen herentzia bat izatea». Nahiz eta horren arrastoez mintzatu den liburuan, sakontzea gustatuko litzaiokeela onartu du.
Ezin komenta gehio.