(argazkiak : Elisabeth Miremont eta Julien Urruzmendi) Amikuzeko eskola elebidun eta ikastolako 170 haurrek prestatu dituzte kantu, bertsu, olerki, ipuin eta bideoak mukurru betea zen Donapaleuko zinemako taula gainean agertzeko urriaren 21ean. Iñaki Camino eskertu ginuen goizaldi hortan Amikuzeko euskara ikertzeko egin duen lan erraldoiarendako, zeina liburu batean agertua baita orain. Berak elgarrizketatu lekuko zenbait ere igan ziren taulagainerat, beren lekukotasuna ekartzeko. ZABALIK elkartekoek Amikuzeko herriko etxe guziak bisitatu ditugu liburu horren bakotxari eskaintzeko bai eta gure hizkuntzari buruzko engaiamenduak hartzearen beharrorduaz solastatzeko hautetsiekin. Paradaz balia, dokumental bat muntatu dugu ere, oren erdi batez gure hizkuntzarekin azken 100 urteetan bizitzen dugunaren kondaira irudikatzeko. Belaunaldi guzieteko lekukotasunak agertzen dira hor eta erakusten da hizkuntzarenak gure engaiamendua beharrezkoa duela. Ondoko egunetan, hemendik beretik ikusgai izanen da bideo hori.
Untsa baino hobeki joan da egunaldi hori, Amikuzek hizkuntzari loturik duen jendarte zabalena elgarretaratu baiginuen eta hain segur, kuraia berri batekin eta bateriak indarturik etxera itzuli dira, beren eguneroko lanean eta konpromisoan jarraitzeko… Badakigu borondate ona bakarrik, ez da aski hizkuntza baten biziraupena segurtatzeko, legea eta normaltasuna beharrezkoak baitira hortarako, biak ere ez ditugun gauzak izanik gaurkotz. Aldiz itxindia bizirik atxikitzeko, gisa huntako egunaldiak eta hortarako lan egin duten jende guzien indarren beharra izanen dugu oraino…
Ezin komenta gehio.