2018/11/20an
Azken minutak gure buruen prestatzeko eta aho-beharri sartzeko jokoan. Usaien aldatzea da erronka. Usaien aldatzea neke da bakarrik bere xokoan, hortako, Esukaraldiak kuadro bat eskaintzen digu, komunikazio kanpaina bat multxoan abiatzea errexteko eta babes erlatibo bat jendea jakinean izanen baita. Erronka abiatzea da, lehenik 11a egunez, gero segitzeko usaia berrietan barnatuz. Euskara dakiten guziak ausartzen bagira honela, segur gure hizkuntzak presentzia handiagoa izanen duela bizi publikoan, segur normalisazio zerbait izanen litekela, beste jende batzu lot daitezkela hizkuntzari, haur eta gazteak, eskolan ikasiaren baliatzeko gehiago xantza izanez, gerorako hiztun izaten presta litezkela… Ez du honek dena eginen, baina lagun dezake.
Beraz, ez ahantz Amikuzen ditugun hitzorduak :
Ostiralean, azaroaren 23an 7etan Aldaka gaztetxean :
– ahobizi eta beharriprest txapen banatzea : gaurkotz 100 amikuztarrez goitik txapa ekarriko dute ; ez bazinu izena emana, ez da berantegi zuretzat ere !
– jarraian oren bateko tailerra eta ondotik aperitifa : nola egiten da lehen hitza euskaraz hartzeko ausartzia izateko eta dena ongi pasa dadin segurtatzeko ?
Ondoko ostiralean, azaroaren 30ean, 7etan hitzordua herriko etxe aitzinean, Euskaraldiaren poteo alaituarentzat, Musutruk txarangarekin, gaiteroekin, bertsulariekin, eta zuen kantu liburuekin…
Eta egun guziz, zuen lanean, herrian, etxen, adiskideen artean, Donapaleuko komertzioetan, … lehen hitza euskaraz, prefosta !
2018/11/11an
Euskaraldiko hitzorduak gure aho eta beharrientzat !
Larrazken euskalduna beharra dugu! Euskaraldia Euskal Herri mailako esperientzia bat izanen da, Korrika den bezala. Euskaldun, nazio bereko partaide, komunitate linguistiko berdineko kide gisa, proiektu berdinean engaiatuko gira 11 egunez, azaroaren 23tik abendoaren 3ra, egun hori delarik euskararen nazioarteko eguna. Proiektu hori, lehen hitza euskaraz eman edo entzun nahi izatea da. Ez zen gutiago galdegiten ahal beren hizkuntzari atxikimendu zerbait agertzen duten herritarreri. Kontrarioa, agian egun guziz errexago egiten zaiguna – eta ez da hau kulpa norbanakoeri egozteko, ezen sistima oso batek baikaitu hortaratuak – lehen hitza euskaraz ez emateak edo entzun nahi ez izateak, hizkuntza heriotzara baitarama berant baino goizago.
Amikuzen ere lotuak gira mugimendu horri, eta zu ere gomit zira parte hartzera. Engoitik dakizu, bi posibilitate daude, bakotxak bere txapa espresa dutenak : ahobizi, lehen hitza euskaraz eman gogo dutenentzat eta belarriprest euskaraz lehen hitza entzun nahi dutenentzat, ez badira ere gai, oraindik, erantzuna ber moldean emateko. Diskriminazio mota horrek ez gaitu baitezpada asebetetzen, ber dinamikan sartzen diren jendeen artean bereizte ereduak berak, fokua interesa duen gunetik aldentzeko arriskua baitakar, preseski dinamika delarik inportanteena eta gakoa bakoitzaren ahalen eta kokaguneen tokiz aldatzea, beraz txapaz. Baina beude horretan gogoeta horiek, gaur ez dute lekurik, itsasontzia abiatua den bezala hartuko dugu, eta omore on eta begirunez bazkatuko, 11 egunez behin, urte osoan gero.
Elgarri mintzatzeko kurutzatu behar baita, zenbait hitzordu eta ekintza baditugu finkatuak Amikuzeko euskalgintzatik :
– lehenbizi, Donapaleuko hainbat komertsantek delako txapak erabiliko dituzte. Agian ez zenekiten euskarazko harrera egiteko prest zirela, eta joko pollita izanen da hauekilako harremana beste gisan egitea hemendik aitzina,
- azaroaren 23an, ostirale arratseko 7etan, gaztetxean gomita bero bat egina zaizue, oren bateko tailer batekin eta aperitifa pintxoekin ondotik. Orentto horretan, euskaraz lehen hitza hartzeko ditugun zailtasunetaz ariko gira, stress linguistikoa deitzen den mamu hori huxatzeko gai izan gaitezen aholku batzu emanez, adibidez, besteekilako hurbilpena umorez eta irriño batekin egiteak esplikazio linguistiko guziak balio dituela, edo beste hau, entzun nahi ez duenarekin tematzeak gure buruari egiten ahal diola gehiago kalte ezinez eta bereari… Zinez, parada guti dugu gai hauetaz elgarren artean aritzeko, okasionea baliatzekoa izanen da. Antolaketa errexteko, galdegina zauzue zuen izena ematea hemendik beretik.
– azaroaren 30ean, ostirale arratseko 7etan, Euskaraldiaren bigarren poteoa eginen da Donapaleuko ostatuetan, Musutruk txaranga, Amikuzeko gaiteroak eta tokiko bertsularien parte hartzearekin. Zuen kantu liburuak jarraikaraz balekibale !
Garantzitsua izanen da txaparen janztea, ezezagunekin harremana errexteko. Beren izena euskaraldiaren webgunean emana dutenek, emailez mezu bat izanen dute jakiteko nola eskuratu dezaketen. Besteeri gomendatzen diegu ahal bezain fite izena emaitea (webgune honetan).
Azkenik, inkesta bat egina izanen da parte hartu dutenen artean, emailez, antolatzaileek nahi baitute ikusi ekintzak ze ondorio duen, zenbateraino usaiak aldatuko diren, bai eta bildu nahi baitituzte ekintzari buruzko jendeen iritziak, ondoko aldi batendako hobekuntzak ekartzeko. Eskertua izanen zaizue inkesta haueri erantzun izana.
Elgar ikusiko dugulakoan…
2018/10/23an
Euskaraldia heldu da !
Badakizue zertaz ari giren ? Bagira zenbait, euskara mintzatzen dakigunak eta ez gira beti ausartzen, ezezagun lekuetan edo ezezagunekin, edo ezagun batzuekin ere beste usaia batzu hartuak ditugu, eta badakizu… usaien kanbiatzea ! Bagira beste batzu, zerbait ulertzen dugu, ez aski mintzatzeko, eta gehiago entzun nahi ginuke, edo ez ginuke euskaraz mintzatu nahi duena bortxaz frantsesez artzera behartu nahi gu hor girelakotz… Alta euskara entzun nahi dugu guk ere… Lehenak ahobizi deituko dira eta bigarrenak beharriprest, helduden azaroaren 23tik abendoaren 3ra iraganen den Euskal Herri mailako esperimentazio erraldoi hortan.
Bi funtzio horietarik bat bederen hartzeko prest bazira, gomit zira izena emaiterat webgune honetan.
Zendako izena eman ? Ez duzu komertzialik ukanen etxera, ez zaizu dirurik galdeginen crowfunding bat gehiagorentzat. Ez. Bakarrik da eguna jinen deneko, pins edo txapa bat helarazia izanen zauzula (Amikuzeren kasuan Zabalik elkartearen bidez) zuk hautatu duzun funtzioaren markatzeko : ahobizi edo beharriprest, eta sekula hori papoan promenatzen bazira, erran nahi luke automatikoki ulertuko dela zurekin euskaraz ari behar dela, ezagutu ala ez ezagutu. (Mmmmm… ezagutza berriak egiteko parada bat ? ;o)))
Iparralde mailan, 10000 izen emaite nahi luzkete gainditu. Are, denen artean heldu behar ginuke! Ez ?
Beraz egin segidan, minuta eskas bat aski da, eta hola ez duzue ahantziko… ;o)))
Ezin komenta gehio.