Euskaraldia abiatzeko elkarretaratzea arrakastatsua izan da. 250 lagun, haur, heldu eta gazteek, Donapaleuko karrikak harrotu zituzten. Gaiteroak, ziganteak, joaldunak, aldarrikapen pankartak, nafar bandera eta ikurrinak, kantu, bertso eta hitzaldiek bihotzak berotzeko balio izan zuten, bai eta kanpora helarazteko euskaraz bizitzeko dugun gose eta gutizia.
Abiatzean, AMOBAko haurrek Bulego taldearen kantuaren koregrafia eta Ikastolakoek berek moldatu bertsoak eskaini zizkiguten. Zabalik elkartearen hitzalditik landa joaldunek ireki zuten bidea, pasaia dekontaminatuz.
Gau eskola parean geldialdia egin zen, han ikastolako burraso gazteek eta gau eskolako partaideek hitza hartu zuten. Ondoko geldialdia herriko etxeko bidekurutzean egin zen. Gazteek eta hautetsiek berenak erran zituzten. Aldioro bertsoak, kantuak eta dantzak eman ziren. Hunkigarria bereziki izan zen ziganteen baltsa eta « Aberriaren mugak » kantuaren mementoa herriko etxe parean.
Ondotik, denak merkatu estalira. Han dantza piko, talo, edateko, kantu eta ele-truke etengabeak lagunen artean.
Udako astiri goxo baten forma hartu zuen pestak eta giroa goxoa, lasaia eta alegera izan zen gau erdiraino.
ZABALIK elkartearen EUSKARALDIA abiatzeko hitza :
Gaur hasten dugun 11 egunetako aldiak ez du amaierarik: erabileraren aroa ez da eta sekula amaitzen. Euskararen aldia egunez egun ekinez transmititzen da etorkizunera.
Euskaraldia da pasioa eta abentura.
Ahalegina eta poza.
Grina, kemena eta erronka.
Urrundik gatoz eta asko egin dugu. Orain eta hemen, gehiago egiteko prest gaude: euskararen biziberritzeak mugimendua behar du. Eta gu, elkar mugitzera goaz.
Asko gara. Herriz herri batzordeetan antolatutako milaka eta milaka herritar eta boluntario konprometitu, lanerako prest, gogotsu. Hiztun komunitate trinko bat. Gutako bakoitza, bat gehiago eta are indartsuago, sendoago.
Euskal herri guzian bezala, Amikuzen ere erronka bereziak ditugu. Euskara guti entzuten dela erraiten da, baina euskara egun guziz mihi gainean da hemen ere :
- ikastolan azken 56 urte hauetan belaunaldia belaunaldiari segi euskalduntzen gaituzte,
- eskola elebidunetan haurren erdiaz goiti euskararekin harremanetan da,
- ez da aski, imertsioa behar dugu eskola guzietan eta haur guzientzat, berdintasunaren izenean!
Berdin helduekin, gau eskolaren beharra dugu, eta edonork euskara dohain ikasteko errextasunak behar lituzke.
Ainitz galdegitea dea, gure herrian euskararen herrian, euskaraz mintzatzeko bermeak ukaitea ?
Azken hiru belaunaldietan galdu da euskara gure artean. Hizkuntz politika hortara egokitua izan da : frantses hutsezko murgiltze eredu bortitza inposatua, euskararen desprestigio kanpaina bidegabea, frantses hutsezko administrazio, lan mundu eta aisialdiak.
Euskararen berreskuratzea ere hiru belaunaldiz egin behar da.
Guk, elebidunek, badakigu gure buru-muinek bi eta gehiago hizkuntza ohatzen ahal dituztela problemarik gabe. Ez da beharrezkoa jendea setiatzea, humiliatzea eta gaizki tratatzea. Egiazko irekidura euskaratik heldu da !
Euskaraz bizitzea ez bada Euskal Herrian lortzen ahal, nun eginen da orduan ?
Toi qui ne comprend pas l’euskara, ou trop peu, génération sacrifiée au nom de l’uniformité centralisatrice et jacobine, tu es un maillon essentiel de la récupération de l’euskara dans son habitat naturel.
Toi seul peut favoriser l’usage de l’euskara, soit en allant l’apprendre, soit en permettant de le parler, et surtout en faisant en sorte que la génération suivante ait les moyens de l’apprendre, de le parler, d’en partager la culture, la créativité et l’élan positif de nous tous ici.
Egiazko hizkuntz politika bat dugu helburu. Bidean goazela, egin dezagun jada baginu bezala, beti, denetan, denekin eta edonola, euskaraz emanez lehen hitza, bigarrena, hirugarrena, belaunaldiz-belaunaldi…
Elkar mugituz eginen dugu !
Euskarak Euskaraldia behar du.
Euskaraldiak, hiztunak.
Eta hiztunek, mintzakidea.
Pausoz pauso, jarri gaitezen martxan, irmotasunez, mugiaraziz geldirik daudenak.
Hiztunak batuz, eman euskarari arnasa. Mintzakideak elkartuz, eman elkarri babesa. Batera eraginez, erabilera handituko dugu. Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan.
Jantzi txapa, beraz, eta… gora euskara, gora euskaraduna eta gora Euskaraldia!
Ibilaldi burrunbatsuko hitzaldiak :
Gau eskolaren hitza :
AEKren helburua da helduak euskalduntzea, alfabetatzea eta euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak sortzea.
Horretarako, lehentasunezko helburuak dira Euskal Herri osoaren euskalduntzea, herritar guziek euskara ezagutzea eta egunerokoan normaltasunez eta erosotasunez erabiltzea.
AEK herri hezkuntzaren baitan kokatzen da: herri mugimendu irekia da, heldu guztiei zuzendua. Euskararen aldeko jarrera aktiboa du, eta euskaraz bizitzeko aukerak sortzen eta zabaltzen ditu.
Gainera, euskararen ofizialtasuna lortzeko lan egiten du, euskalgintzako beste eragileekin elkarlanean. Hizkuntza-politikaren arloa ere eragile da, eta Euskal Konfederazioarekin batera akuilatze, salatze eta aldarrikapen funtzioak betetzen ditu.
- Euskara praktikatzeko, hizkuntzaren ezagutza ezinbestekoa da. Hori da AEKren jarduera nagusia.
- Ezagutzaren ondoren, erabilera dator. Gau-eskoletan eta bestelako eskaintzetan, erabilera molde anitz lantzen dira: ateraldiak, bisitak, mintzodromoak eta mintza-saioak antolatzen dira, tokiko gau-eskola euskararen arnasgune bihurtuz, euskararentzat espazio erreal eta bizia sortuz.
Iparraldea lurralde erakargarria da, eta Frantziako Estatutik jende ugari etortzen da bizitzera. Hala ere, etortzen diren pertsonak oro har erdaldunak dira eta ez dute bertako hizkuntza eta kulturarekiko kontzientziarik. Urtero, Euskal Herri kanpotik jendea heltzen da, eta haiek ere euskaldundu behar dira.
Gurasoek euskaraz hitz egin behar dute, haurrek euskara ikasgaitik komunikazio hizkuntzara pasaraz dezaten.
Bestalde, euskaraz dakiten profesionalen behar larria da: lehen haurtzaroko harreran, hezkuntzan, administrazioan, aisialdian, kazetaritzan eta bestelako alorretan.
Ondorioz, bizi publikoan euskara entzunagoa eta mintzatuagoa izatea lortu behar dugu. Horretarako ari da lanean AEK, euskararen normalizaziorako bidean ekarpen erabakigarria eginez.
GORA EUSKARALDIA / GORA AMIKUZEKO EUSKALGINTZA / GORA AEK
Ikastolako burrasoen hitza :
Ainitzetan buraso gisa, zueri haurrak, galdegiten dizuegu euskaraz hitz egitea, indarrak egitea. Orain, Euskaraldiarekin, gure aldi zuei erakustea helduak ere indarrak egiteko prest girela : erabil dezagun Euskara gehiago, gehiagotan, gehiagorekin.
Gure haurrak eskolatzeko momentuan Euskararen hautua egin dugu. Eta hautu horren defendiatzeko maiz mobilizatu behar izan dugu eta oraino beharko dugu. Adibide gisa, heldu den ostiralean, Baionan eginen den Danborrada, frantses hezkunde nazionalaren isiltasuna eta mespretxua salatzeko. Denen beharra dugu, denak ongi etorriak zirezte, hangoa hemengoa bezain burrunbatsua eta alaia izan dadin !
Bainan argi dugu eskolaz kanpoko ingurumena ere euskalduntzea funtsezkoa dela. Ideia honekin dugu, adibidez, aisialdi zentro euskaldunaren proiektua bultzatu eta ideia berarekin dugu Euskaraldian parte hartuko ondoko egunetan. Eta ontsalaz, ariketa kausitzen badugu, zonbait urteren buruan, gure haurrek « egun on » erraiten ahalko dute, noiznahi eta nun nahi, korapilo edo beldurrik gabe…
Ea bidea errexten diegun…
Egundanik hasita eta haratago, gauza dezagun gure ametsa !
Hautetsien hitza :
Arratsalde on deneri,
Gaur denak elkartu gira erakutsi nahi baitugu Amikuzen euskarak bere leku guzia duela. Urte askotan hautetsi zoinbatzuk bazterturik, guk alderantziz euskara plazara ekarri nahi dugu !
Hautetsi gisa gure ardura da euskarak bere leku guzia har dezan eguneroko bizian, herriko etxean, espazio publikoetan, eskoletan, haurzaindegietan baita ere aisialdi zentroetan !!
Ezin dugu gehiago hitzekin sustengatu bainan akzioekin !
Euskarak bere leku osoa badu eta ororen gainetik bere etxen dago ! ez da folklore bat bainan eskubide bat herritarentzat, nahi duten hizkuntzan bizitzeko eskubidea.
Duela 5 urte abertzaleak sartu gira Donapaleuko herriko etxean eta urtero saiatzen gira arnas berri bat emaiten euskarari. Ez da beti gauza errexa bainan piskanaka egoera hobetuz doa.
Atzo gauean lehen aldikotz euskaraz hitz egin ahal izan dugu gure kontseilu denboran, urrats ttipi bat geroarekiko. Lorpen ttipi horiek aurrera segitzen motibatzen gaituzte. Geroan ere Amikuzen eta Donapaleun euskara sustengatzen eta maitatzen duten herriko etxeak eta hautetsiak behar dira.
Gure nahikeria ez da asetuko, bainan zuen beharra dugu ere taldean azkarragoak girelako .
Euskara gurea da eta biziko da ! Euskaraz bizi nahi dugu !
Gora Euskaraldia !
Hautetsi gisa ardura doblea badugu :
-
Lehenik herritar xume guziak bezala, Euskara dakigunek, Euskara goxatuz, mintzatuz, transmitituz, eta jendartean sustengatuz,
-
Eta baita ere hautetsi bezala, Euskara aipatuz, defendiatuz, erakaskuntza eta praktikak bultzatuz, hautetsi munduan. Hautetsi guziek beren pizu guzia Euskararen aldeko politika guzietan eman behar dute. Zer balio du hautetsi Euskalduna izaitea Euskal Herrian ez badugu kargu hori hartzen, harrotasunez, plazerrez eta ausartziaz ? Eta eginen dugu !!
Gazteen hitza :
Ezin komenta gehio.