2012/09/15ean XAMARrek gure elkarteko biltzar nagusi birfundatzailean parte hartu zuen. Bururatzean, Euskara elkarteen nundik norakoaz argitzea galdegin genion, justuki biltzar hortan euskara elkarte baten araudiak finkatu baigenituen ofizialki, azken laspost urteetan norabide horretan eramanik gogoeta eta ekintzak.
XAMAR (J.C. ETXEGOIEN), IRUÑEAko GARRALDArra dugu. Ikastolan aritua, ZENBAT GARA elkartean su-berotzale, PAMIELA argitaletxean dibulgazio liburu idazle (besteak beste “ Orekan – hizkuntzen ekologiaz ” soziolinguistikaren oinarriak aipatzen ditu), azken urtean “ EUSKARA JENDEA ” gure populuaren historian barna hizkuntzaren historia lantzen duen 5 dokumentaleko obra osatu du.
Euskara elkarteen eremua :
Lehen euskara elkartea, 1983an sortu zen : ARRASATE EUSKALDUNDU DEZAGUN (AED). Sortu zen lehenbizi erakaskuntzak hutsegiten zuen eremuan eragiteko : karrikan, erabileran. Funtsean, gakoa hiru zango hauen artean minimo batzu lortzean datza : MOTIBAZIOA – EZAGUTZA – ERABILERA.
Euskara elkarteek jendartean eragiteadute helburu euskarari guneak emateko, igurikatu gabe instituzioek egin dezaten ; pentsatzen ahal bada ere haien egitekoa dela, baina alderantziz, instituzioek hainbatetan egin dituzte gauzak euskara elkarteek lehenik abiatu ondoan.
Euskara elkarteak Topagunea federazioan bilduak dira. Bestalde, Eskoriatzako Mondragon Unibertsitatean kokatzen da Huhezi sailean “ GARABIDE ” egitasmoa. Horgo lagunek (Julen Arolexaleiba, Jon Sarasua, Lorea Agirre, …) hizkuntzen galtzeko eta berreskuratzeko gakoak lantzen dituzte mundu guziko herri gutituekin harremanetan.
Euskara elkarteen arranguretarik bat izaten da alderdi politikoen kaperez kanpo egoitea, euskaldun izaitea ez dadin identifika alderdi bati besteeri baino gehiago. Gaia da euskalduna euskaraz egiten duena dela lehenbizi, ez alderdi baten eskumakil, ez baitu kentzen bakotxak bere ideia politikoak dituela euskara elkartean izanik ere, baina ez da hori horgo gaia. Helburua hizkuntz komunitatea bildu, trinkotu nahi izatea da, barreiatuak eta itoak diren hiztun horieri euskaraz aritzeko motibazioa eta parada emaitea.
Euskara elkarteek beren baitarik abiatu sailak, nihis nahas emanak :
- tokiko herri aldizkariak (270.000 pertsonetara heltzen dira sortu diren aldizkari lokal guzien artean), irratiak 9, telebistak 30, …
- haurrendako euskarazko aktibitateak eskolatik kanpo : aisialdi zentroak, kirol taldeak, musika eskolak, udalekuak, ludotekak, dantza… euskara ez dadila izan eskolako gai bat bakarrik (erakaskuntzak ez du bermatzen euskara erabiltzea karrikan, beste hizkuntza nagusi den beste lekuetan)
- kulktur ekintzak ekarri ez dauden lekura : publikoa hazi eta hezteko, espazioak lortzeko, sormena lantzeko, … Adibidez Txirri Mirri eta Txiribiton pailasoak hasi ziren ikastolako burraso zirela eta ohartu baitziren falta zirela euskaraz ari ziren pailasoak… ondorioz bizi guzian segitu dute… Ez badaude toki batean, kultur ekintzak ekarri edo sortu behar dira are gehiago, konpentsatzeko
- gau eskolen inguruan mintza-lagunak
- apartamendu-kide burtsa, lan eskaintza burtsa, … gogotik pasatu eta beharrezkoa den edozoin gauza hots
- Kafe-antzokiak (Bilbon, Donostian, Tolosan, Durangon, …) ; Bilboko kafe-antzokiaren arrakastaren gakoetarik bat hiri-erdi-erdian izatean datza : inportanta da psikologikoki ez beti bazter batean kokatzea “ euskaldunak ”. Donostiako Doka kafe antzokiak preseki ez du hainbeste arrakasta bazter batean baitago ere
- Festetako peña edo konpartsak…
Ekintzen egiteko mementoan, izpiritua da ez sofritzea, ez bortxaz egitea, baina gogoz, umorez, sanoki … transmititzeko motibazio hori, beharrezkoa dena hizkuntz usaiak aldatu behar baditugu… Jarrera hunek sortzen dituen posibilitateak izigarriak dira, bereziki gazteentzat : ez dagoena egin dezagun, sormena posible da dena sortzekoa baita… Irudimena libre da, eta ekintza guziak dira karrikan eragiteko.
Zaindu behar diren oinarriak :
1- Barne-formakuntza : Funtsaren transmisioa.
- Zertan ari gira, zendako egiten ditugu ekintza hauek ?
- Soziolinguitikaren oinarrizko giltzak edo jakintzaren partekatzea : Txepetxen teoriak, … Ulertzeko zer gertatzen den hizkuntza baliatzen delarik edo ez delarik baliatzen.
- Esperientzien gaineko trukaketa, eginez ikastea.
2- Gure nahiaren unibertsaltasunaz jabetzea.
Gutxituaren konplexua uzkailtzeko diskurtsoa elikatzea. Hizkuntz ekologiaren, biodibertsitatearen bidetik kausaren aldeko pentsamendua hedatzea. Gu izaiten ikasteko eta gu izaiteko ahalgea galtzeko.
3- Herria ezagutu – gure iragana, kultura, herri-jakintza landu, ezagutu…
- Gure hitzetan, gure ohiduretan, gure kantutegian, … munduaren ikusteko, bizitzeko moldeak ere badira, lantzen ez bada galtzen direnak, edo jakin gabe baliatzen direnak… Gure lurrari (geografia, ohidurak, …) buruz gehiago erraiten digu gure hizkuntzak frantsesak baino, edo diferentki. Erakutsi beharra dugu hizkuntza mintzatzeko teknika bat baino gehiago dela : mundu ikuskera bat baduela berekin.
- Ikastolako burraso erdaldunekilako jarrera : ezin zaie erreprotxatu ez jakitea, ez zizaien erakutsi, jada indar haundia egiten dute haurra ikastolan ezartzeko ; egiten ahal dena da haurrak ohartaraztea beren ingurumenari eta hizkuntzak ingurumen hortaz zer erraiten dien, horrela gero aitameri erakusten ahal dute, eta horrek hizkuntza ikasteaz bestalde, sendimendu bat transmetitzen du, fiertate bat…
4- Sorkuntza :
- “Ez dok hamairu” taldearen adibidea ; ze nolako boom-a eragin duen sorkuntza garai horrek.
- Jendeak gira, ahalmena dugu dena biltzeko, erabiltzeko, moldatzeko, berriz sortzeko, … Batek ez du bestea baztertzen. Tradizioa ber-sortu egiten da. Mugitzen ez den kultura hila da. Sormen guneak sortu beharrak dira, jendeak sormena landu dezan (gazteentzat lokalak eskaini biltzeko, baldintza bakarretarik euskaraz egitea emanez). Euskarak frantsesari edo inglesari konparatuz, aise espazio handiagoa eskaintzen du gauzak sortzeko.
- Azkenik, sortzeak, komunitatea biltzen du, fisikoki, eta sinbolikoki (Libertimenduaren adibidea).
5- Partizipatiboa :
Mugimenduan (nahi duten) pertsona guziek dute egin beharrekoa, baina ongi jakin beharra dago bakoitzari dagokion eginkizuna zein den. Huts arrunta da behar ez denari behar ez dena/duena galdegitea. Adibide zenbait:
- Ikastoletako guraso erdaldunek motibazioa errepresentatzen dute, hori dute eginkizun alorra zerbaitean parte hartzeko prest badira, ez baitezpada euskara ikasten (ezin badute edota ez badute nahi, jakina).
- Era berean, euskara ikasi berri duenak motibaziorik handiena adierazten du, hor du egin beharrekoa bertzeen aintzinean.
- Hiztun osoak ezagutzarik handiena errepresentatzen du, gaitasun sakonena; hor du eginkizuna, ezagutzaren alorrean bereziki.
- Goiko mailak euskalduntzeko (nazioa, eskualdea…), beheko mailetan aritu behar da: lagun artean, familian, lanean, kirol taldeetan…
Guneak, espazioak irabazi behar dira baina espazioak bi motakoak dira: fisikoak (elkarte, taberna, antzoki…) eta, bereziki, mentalak (nahi ta behar dugula, zuzen dela, konplexuak uxatu behar direla…).
Azken hitza : Ausartu, Sartu eta Sortu… Herritarreri eskaini dezaiegun harreman eta aritzeko gune bat(zu)…
Ezin komenta gehio.