Iparraldeko Hitza astekariak Mattin Irigoienen iritizi artikulu hau agertu du, ekainaren 21eko GURE ESKU DAGO ekimenaren bezperagoan.
IRITZIA: Mattin Irigoien. Idazlea
Gure esku dago. Hiru hitz dena iraul dezaketenak, indarra, nahikaria eta motibazioa salatzen dutenak, irabazleen ezaugarriak direnak. Hizkuntzari aplikatzea galdegina izan zait hemengo.
Gure esku dago alabaina gure hizkuntza erabiltzea, dakiguna ariz hobetzea, zabaltzea, formekin jostatzea, gure sabaia kolore, usain, zirto eta korapiloz betatzea. Gure esku dago «egunon» erraitea, «izan untsa», «bestaldi arte». Gure esku ezagunekin harremana euskaraz ehuntzea, erdaraz hasia euskaraz segitzea, besteak berea baliatu behar badu ere, ezezagunarekin hastapenetik euskaraz mintzatzea…
Gure esku dago argi bat kasko gibelean ibiltzea, egoera oro radiografiatzen dituena hizkuntz harremanaren angelutik, jokoan denari begira diezaiogun, egoerak aldatzeko zedarriak eta aliantzak finka, homeopatiaz edo iraultza gordinez, segun nola.
Gure esku dago alfabeta gaitezen, errexago omega-husteko gero. Idaztekoak gure hizkuntzan idazteko, guhaurrendako direnak oro, besteeri zuzenduak gero, komixioneak, esemeseak eta besteak.
Gure esku dago hau guzia bidai bat bezala ulertzea, apurka-apurka eraikitzen den zerbait, zirkulu konzentrikoz eremuak irabazteko, itzulerarik gabeko abentura bat, norbera eta bere ingurua aldatzeko heineko tsunami trankil baten gisara. Sekula gelditu gabe, aitzina beti.
Gure esku dago pareta hau goregia dela ez estakurutzat baliatzea, eta pareta apalenen gainditzetik hastea, gure eguneroko hurbilenetarik, eta hortik aitzina largatuz begirada, kausipenak dugun legitimitatea indarturik. Gure esku dago, edo ez.
Gure esku tema berdina duten lagunen bilatzea, haiekin solastatzea, euskara-elkarteak sortzea, hizkuntz-hegemonia guneak sortzea eta hizkuntza erdigunean ezartzearena jendarte osoari mahaigaineratzea, esperientziak esperientziekin lauzka daitezen. Eta katea ez dadin eten, hizkuntz eskubideen kontzeptuez, sozio-linguistika teoriez, hizkuntz politika plan eraginkorrez elikatzea.
Gure esku dago ohartzea abertzale mugimenduaren historian eta istorioetan, hizkuntza totem gisa baliatzen dela, egiazko komunikazio hizkuntza izateko gure esku dagoena ez egiteko gero, edo ez egiteko eta punto.
Ohartzea onartu zaizkigun apur guzietan tranpa bat diseinatzen dela, esklaboak bere jabearena dagien bezala, guk ere hizkuntz ordezkapenaren pleguak guretzen ditugula, ahoan bilorik gabe diglosia indartuz. Elebitasuna frantsesaren garapen-erregaia dela, tradizioa eta berrikuntza frantses kultur zentralistatik pentsatu faltsukeria bat baizik ez dela, kultur ekoizpena, edo indio okitu edo multikultural irekiaren zepoan sarrarazteko, bietan ere euskara galtzaile, ez delakotz euskaratik pentsatua.
Gure esku prisma hortarik ikustea basque attitude klase sozio-politiko berri bat agertu dela azken 25 urteetan, boterearen atean, boterearekin to eta noka trebatzen, egitura instituzional baten antolaketan hasia, eta nolazpait, behar zaiola hizkuntza begien aitzinean -aho ziloan- ezarri, ez-ikusiarena egin ezinezkoa egiteko, euskal herri euskaldunik nahi bada hemen. Ez bukatzeko basque attitude goxo batean, turismo linguistiko bat, moda efektu sedatibo batzuekin, aktibismoz – garagardozko aktibismoz- ordezkaturik eremuak hizkuntzaz irabazteko grina. (Ikastolen esperientzia eredu gisa ematen da guhaunez sortzeko dugun gaitasunaren erakusle. Gure hizkuntzari buruzko ezazoltasuna ikustean, susmoa dut ikastolen kontzeptua gaur asmatu behar balitz, D baino B ereduko esperientzia lauso bat litekeela hobetsiko).
Gure esku dago asmatzea nola egin genezakeen hemengo haur guziek euskaraz ikasteko, euskaradun guziak euskaraz pentsa eta hitz egiteko a priori eta beti, ez dakitenak ohar daitezen zerbait huts egiten dutela euskara ez ikasiz. Edo ez. Edo bai, zinez badugu nahi. Bizpahiru belaunaldiz galdua, bizpahiru belaunaldiz irabaztekoa baita. Ordu deno.
Ezin komenta gehio.