Frantxixkanoen etxea herriko etxeari saldu zenean, traumatismo handia izan zen herri mugimendu anitzendako. Leku hori, leku irekia, humanoa, herritarra eta euskalduna izana zena, begiko zikina baino gehiago ikusten ahal ez zutenek, hestea lortu zuten. Arrunt hestea, 2006ko urria arte luzatu bazitzaien ere.
Hestea bera zen beren xedea, eta denbora eman zuten beste baliamolde baten pentsatzeko. Undarrean Chemins Bideak sortu zuten. Gure herrian agerpen elebidunetaz mesfidatzen ikasten dugu, eta hemen ere bazen arrazoinik. Hemengotik gauza guti eta urrunagokotik ainitz izanen zuen proiektua garatu zuten. Lekuko jendearen parte hartzea : zero ; eskultura, apaindura edo margoak eginen zituzten artistak : nungo nahikoak bai, hemengoen usainik ez. Diruarekin egiten ahal zena egin zuten, leku apain bat, ederra itxuraz, eta ez zuten lortu diruak ezin duena egin : arima bat duen tokia haztea. Malerusak, noiz nahi aitzineko denborako arima oroitaratzen zitzaien -ez orduko militante eta errabiatuek, ez, haiek mututurik gelditu baitziren- beren jendeak berak oroitarazten zien !
Errabiak, izanik ere ele gutikoa eta axalezko goxotasuna, obretan erakusten du bere aurpegia. Eta errabiak itsutzen duela erraiten da ere. Ez dugu adibide argiagorik izan nun eta etxe huntan. Horgo aitzineko aroan, nehorek ez zuelarik pentsatzen ahal orduko xedearen azken urteak zirela, Xabier Egaña margolariak jangela hartan margo handi bat egin zuen. Arantzazu eta Donapaleu arteko konekzioaren adibide bat gehiago. Zenbait hamarkada lehenago, dantzari batzu margotuak zituen jadanik sukalde ondoko gela batean. Han ibili direnek gogoan dituzte, gogoan duten bezala hango bazkarien gozoa, saldaren gostu ona, barazki guziak baratze handi hartarik jaliak. Gogoa eta gorputza, biak bazkatzen baitziren barne haietan.
Jabe berriek, baratzea puskatu eta desitxuratu zuten bezala, margoak estali zituzten ! Plako pareta bat ezarria izan zen margoak beren luze eta zabalean estaltzeko… Atentatu kulturala salatzeko oihu eta garrasiak botako ziren nun nahi, adibidez talibanek edo moroek eginak izan balire. Hor denak mutu, garbiketa sanitario bat zen beren gogoan, alabaina, talibanak margolariak ziren.
Joan den hilabetean, herriko etxe berriak, plakoak kendu eta margoak berriz argitara jali ditu. Humanitate eta eskerron pixka bat itzuli da leku huntara ; ez da ainitz behar diferentzia egiteko !
Helduden apiriletik goiti denek ikusteko moldean izanen dira, eta aipatzen da Egaña bera ere etorriko dela ze estatutan gelditu diren ikustera. Joanen gira gu ere.
Ikus Argia aldizkaria, artikulu honetan epopeia hau xeheki aipatzen baitu.
Ezin komenta gehio.