Hitzaldiak DONAPALEUko TOUZAA etxean iganen dira. Arratseko 8ak30etan hasten dira, tenorez. Hitzalditik landa, baso bat eta bixkotxatto bat partekatuz bi ele partekatzen ahalko ditugu.
Koherente izaiteari ausikia eginez, aurten Otsail ostegunak urtarrilako azken ostegunean hasiko dira. Gutiago ezinez…
Hona aurtengo prestatu dugun menua
- 01/29an, ASISKO, SORGINA BANAIZ bere dokumentalarekin
- 02/05ean, Joseba SARRIONAINDIA idazlea, kolonialismoaz eta bere ondorioetaz,
- 02/12an, Pauline GUELLE ikerlaria, Estatuen inpunitateaz torturaren erabilera iraunkorrean,
- 02/19an, Leire eta Intza CASAMAJOU ELKEGARAI pastorala idazleak, Lurdes IRIONDO euskal kanta berriaren aitzindariaren obraz eta aurtengo Sohüta-Hokiko pastoralaz,
- 02/26an, Iker ELOSEGI naturalista, Euskal Herriko faunaren berezitasunez, publikatu berri duen gidaren aurkezpenarekin.
Urtarrilaren 29an, 20 :30etan, TOUZAA etxean :
SORGINA BANAIZ dokumentala
ASISKOren komentario eta argitasunekin
Zein irudi daukagu sorginaz, haur ipuinetatik hasi, eta gure herrietako ospakizunetaraino? Bidaian abiatu gira eraikuntza zirraragarri hori argitzeko asmoz, zeinak uztartzen baititu mitologia eta erreal historikoa, jakinduria eta errebindikazioa.
1525ean, duela bostehun urte, Auritzen gertatu zen lehenbiziko exekuzio kolektiboa sorginkeriagatik: Sekta Satanikoa aurkitu berri baitzuten Nafarroan, eta punizio adibidegarria ezarri egin zitzaien akusatuei.
Erreketa horrek markatu zuen mende bateko jazarpena.
Zer gordetzen zaigu ke beltz eta lodi horren gibelean ?
Dokumentalean parte hartu duten Nazioarteko historialariek bat egiten dute gure lan-hipotesiarekin: sorgin-ehiza ez zen izan elite intelektualek eraikitako alibia baizik, mementoko geoestrategiak markaturik; ez da akelarrerik izan, eta sorgintzat erre zituztenek halakoak zirenik ukatuz bota zuten azken arnasa.
Asisko Urmeneta, marrazkilari, komikilari, hizlari eta beste ainitz alorretan ezaguna dena, dokumentalaren erregistroari lotu da hemen. Komikoek barne-barneetako magma, seriosetan seriosena delako alabaina…
Otsailaren 5a, 8ak30etan, TOUZAA etxean :
Kolonialismoa eta bere ondorioak
Joseba SARRIONAINDIA idazlearen burutazio literario-poetikoak
(Argazkian, Nafarroako mila torturatuen alki hutsak)
Otsailaren 12a, 8ak30etan, TOUZAA etxean :
Estatuen inpunitateaz torturaren erabilera iraunkorrean
Pauline GUELLE zuzenbide publikoan doktorea
Azken urte eta hilabeteetan, munduko (des)ordenamenduaren zangoz-goratze etengabean bizi gira eta zuzenbide estatua zalantzan jarria da alaire. Balia giten inpunitatearen inguruko gogoeta plazara eramateko. “Punitibismoaren” inguruko galderak ukatu gabe, estatuek eragin oinarrizko eskubideen aurkako erasoek galdezkatzen gaituzte. Hain zuzen ere, mendebaldeko demokrazietan torturaren iraupenak erakusten digu estatu demokratikoek gozatzen duten inpunitatea. Torturaren aurkako Nazioarteko konbenioaren (1987) arabera, tortura funtzionario baten eskutik eragin sufrikario fisiko edo psikologikoa da. Horregatik, Estatuko arma bezala aurkez daiteke torturaren praktika. Bestalde, estatuaren arma den heinean, torturak inpunitate sistema bat sortzen du bizirauteko. Torturaren sistema aztertzeko, beste hainbaten artean, Euskal Herriaren kasua aztergai ukanen dugu Espainiako gerlatik (1936) gaurregun arte (2022). Erregimen autoritariotik demokratikora ikertuko dugu nola 5.000 tortura kasu baino gehiago argitara eman diren Euskal Herrian kontestu politiko ezberdinenetan.
Pauline Guelle, Zuzenbide publikoan doktorea da, eta gai huntaz egin duen bere doktorego tesiaren ondorioen aurkeztera jiten zauku.
Otsailaren 19a, 8ak30etan, BIDEAK gunean :
Lurdes IRIONDO, euskal kanta berriaren aitzindaria
Leire eta Intza CASAMAJOU ELKEGARAI Sohüta-Hokiko pastoralaren idazleak
1960. hamarkada Euskal Kantagintza berriarena izan zen, munduan zehar aldarri sozial eta politiko berriena izan zen bezala. Hego Euskal Herrian erregimen frankistak ezartzen zuen nazio zapalkuntza. Euskararen debeku eta zokoratze giro hortan altxatu ziren boz berriak, herriaren nazio izaera politiko eta kulturala kantuz transmititzen ahalegindu zirenak. Horietakoa izan zen Lurdes Iriondoren boz berritzaile, indartsu eta lilluragarria.
Zenbait urtez bakarka ibili zen gitarra besapean, eta sekulako arrakasta bildu zuen kantaldiz kantaldi. Kontatzen denaz, “dei guziei erantzun ezinik”. Ez Dok Amairu kultur mugimenduaren sortzaile eta eramaileetakoa ere izan zen, gaur egun biziki ezagun izaten jarraitzen duten hainbat gizonen artean. Haren figura, haatik, urteekin eskapatu zaigu… Publikoan agertzea utzi ondoan, euskarazko haur eta gazte literatura idazten aritu zen halako lanik batere egiten ez zen garai batean. Hots, aitzindaria izan zen, kantagintzan ez ezik euskararen transmisioari dagozkion beste hainbat arlotan ere.
2026ko udan Sohütako herriari egokituko zaio pastoralaren aurkeztea, eta Lurdes Iriondo zenaren bizitza aipatzera agertuko dira taula gainetara. Zer rol joka lezake pastoral batek historia horren kontaketan? Eta zer rol Lurdes Iriondoren bizia kontatzeak Sohüta bezalako herri batean?
Leire eta Intza Casamajou Elkegarai Sohütako ahizpak, 2026ko udan Sohüta Hokin emanen den Lurdes Iriondo pastoralaren idazleak dira. Gazte izanik, beren ideia, asmo eta irakurketa propioa emanen digute, bai Lurdes Iriondoren ibilbideaz, bai eta pastoralaren nondik norakoaz gaurko egoeran.
Otsailaren 26a, 8ak30etan, TOUZAA etxean :
Euskal Herriko faunaren berezitasunak
Iker ELOSEGI naturalistaren gogoeta eta liburuaren aurkezpena
Hegazti, ugaztun, suge, intsektu edo arrainen bioaniztasuna biziki haundia da Euskal Herrian. Honen zergatia ainitza da : badira arrazoin geografikoak (klima, itsasoa, mendia…), badira arrazoin historikoak (noizbait klima hotzarekin jinak ziren espezie batzu oraindik gure mendi gorenetan bizi dira), eta badira ere bertako jendeek lurralde huntan eta lurralde huntarik bizitzeko asmatu dituzten maneren ondorioak…
Gure inguruetan, biziki hurbil ditugu basapiztiak : gure baratze, erreka, xara, oihan, mendi, baserri eremu edo kostan bertan! Batzu errazak dira ikusten : nork ez ditu larrazkenean lertxunak lerro lerro ikusi? (beharrik kantu batzuek arrakasta dutela haurrek gauza batzuen ikasteko!). Denek ikusiak ditugu karakoilak, bainan gutik dakite gehien karakoil diren eremuak gisuharria den lekuak direla, nola uste duzue ba egiten dutela heien kuskua? Beste batzu ez dira kasik sekulan ikusten, bainan gure ahoak heien izenez betetzen dira, hor dira otsoa edo hartza… Liburu honek Euskal Herriko basapizti espezie batzuen ezaugarriak, heien biologiako gauza nabarmenak eta bereziki bizitzeko zer behar duten ulertzeko gako batzu proposatzen ditu. Gogoeta batzu ere partekatzen dira, egungo gai zunbaiten inguruan. Hola dira aipatzen arrain, apo, suge, okilo, zizari, otso, sai, hartza, karakoil, urtxintxa edo pinpirin espezie zunbait, urte guzian hemen bizi direnak edo migrazio denboran soilik agertzen direnak.
Beraz liburu honen helburu nagusia basapiztien inguruko jakin mina piztea da, bizi giren ingurumenaren hobeki ulertzeko gakoak eskainiz. Jendeok ingurumenaren parte gira eta gure orekarako ingurumenarekin dugun harremana garrantzitsua dela pentsatzen badugu, behar gira ohartu ez girela bakarrak eta beste ainitz basapiztirekin partekatzen dugula lurralde hau. Begiak irek, beharriak luzatu, usainak usnatu eta … gozatu!
Iker Elosegi hazpandarrak beti interesa izan du mota guzietako kabala basen bizitzan eta hauen arteko elgar harremantzean. Hainbat urtez metatu jakintza guzia Euskal Herriko faunaren gida liburuan bildu du. Gaualdi huntan hain hurbil eta hain arrotz zaigun « ingurumenaz » argituko gaitu pasioz eta gozamenez.








Ezin komenta gehio.