Amikuze eskualdeko 97 gazte Miñan liburuaren irakurtzen aritu dira, bat-bestearen ondotik eta hastetik-buru, 2021eko urriaren 16ko ibiakoitz goizarekin Donapaleuko zineman. Hasieran pentsatu 3 oren irakurketak 3 oren eta laurdenra luzatu ziren. Goiz guzian jendea joan-jinka ibili zen, gazteak laguntzeko, nahiz multxo batek buruan-buru behatu zuen zinemako gelatik.
ZABALIK elkarteak du ekimena antolatu Elkartasuna Amikuzen, Etorkinekin sareko tokiko elkartearekin partaidetzan. Amets ARZALLUSek idatzi liburuak, Ibrahima BALDE migrantearen ibilbidea kondatzen du Afrika erditik Europaraino, bidean diren oztopo, arrisku eta mehatxu guziak pasatuz diren bezala. Diren bezala, baina nerabearen begietarik kondatuak, horrek baitu egiten, gaiaren latza ezaguturik erraiten ahal bada, kondairaren xarma, xalotasun eta sotiltasun batez emanak baitira gertaera larrienak ere normalak balire bezala.
Eguerditan aperitifaren tenorea jin denean, « Migrazioa kantuz » ekimena burutu dute. Gure kantagintzak zernahi kantu dauzka alabaina migrazioari lotuak, eta horien lagin bat kantatu da orduan.
Irakurketa bukatzean, Amets Arzallusek eskerroneko hitzak izan zituen, baina parada baliatu zuen eskaintza berezi baten egiteko, emozio eta zirrara berezia sortzen zuela hor zeundenen artean. Hona zer erran zuen :
« Milesker esku-zartentzat, goizetik haria segitu duzien guzientzat, zinez ! Ni naiz hemen bainan ez duk bakarrik idatzi liburu hau, Ibrahima izan da lehen idazlea ahoz eta nik nolazbait lagundu dut hitzetarat ekartzen. Madrilen da bera eta eskerrak igortzen ditu zuer dener eta goizetik haria hunaraino ekarri duten irakurle (eta) jostun guziei. Zinez idatzi dugunontzat hunkigarri da ikustea jendeak nola hartzen duen … ta orduan bai, Zabalik elkartea, bai zuei dener ahalegin hau egitea (eskertzen dut). Aldi berean ez nuke erran gabe utzi nahi bistan dena, hunkigarri da artetan zati batzu entzutea eta aldi berean gogor zait zeren eta, entzuten ditudanean zati batzu, oroitzen naiz Ibrahimak nola kondatzen zituen, eta kondatzen zituelarik nola sufritzen zuen. Eta beretzat oroitzapenen zauri hortan barneratzea ez da ariketa errexa izan eta gogorra zaidala erraiten dut, zeren eta oroitzapenen zakua dena berarentzat, besteentzat bizipenen zakua da. Gaur egun oraindik bizipenaren zauri hori sakona da, luze da eta zabal da eta gainera gure herriraino iristen da ! Aski da aste huntako berriak entzutea ikusteko noraino luze eta gogor den zauri hori. Beraz eskertzen dugun bezala, eskaintzen dugu ere, egin den lan eta ahalegin hau eta isuri den sentimendu guzia, gure herrian hil diren gazte etorkin horientzat. Espero dut agian tren hori, gidariak hobenik gutien zuen tren hori, segur ainitz eskuk pusatzen dutena hasi Afrikatik eta Europako instituzio eta gure inguruko instituzioetaraino, ainitz eskuk dute tren hori pusatzen eta beraz inportanta da esku horiek identifikatzea, seinalatzea eta halaere korapilo horien askatzen hastea jende hunek ez dezan, edo guk denek ez dezagun, zauri hortan jendea pairatzen gehiago ikusi eta agian mundu hobe bat, justuago bat, zuzenago bat eraikitzeko denen artean. Milesker, ez nuen eskaintza hori egin gabe utzi nahi, eta beraz gogoan (izan ditzagun) gure herriraino iritsi eta liburua ustegabe hetsi zaien gazte horiek denak. »
Gai berari loturik, ondoko astean, urriaren 22an, ostirale arratseko 8ak30etan, hitzaldi bat antolatzen dute Donapaleuko herriko etxeko gela berdean. Amets ARZALLUS bera hor izanen da bere esperientziaren kondatzeko. Etorkinekin sareko lekuko batek migrante gazte eta nerabeen harreraren xehetasunak ekarriko dizkigu. Azkenik, Elkartasuna Amikuzen elkartekoek beren lanaren berri emanen digute. Gaualdi hau ere euskaraz iganen da, baina oraingoan frantseserako itzulpen automatiko bat izanen da.
Parada ona mundu mailako gaurko sarraski handienetarik baten berri hartzeko, eta gogoetatzeko, gure ttipian, nolako elkartasun keinuak antola ditzazkegun hemendik beretik.
Ezin komenta gehio.