Afitxen bildumagilea dugu frantxua Teilagorri Donapauldarra. Kolekzioko liburu ederretan publikatuak dizkio Txalaparta argitaletxeak. Baina, beste ainitz gauza ere dugu Frantxua, Amikuzeko figura bat, suhiltzaile, errugbilari, hautetsi, geometro eta militante politiko nekaezina.
BERRIA egunkarian Ainize Madariagak egin dion elkarrizketa ekarri dugu honara.
2020ko apirilak 12 – BERRIA
Ainize madariaga
«Afixen bilketa militatzeko ene manera politiko eta kulturala da»
Nafar izatez harro da Frantxoa Teilagorri (Donapaleu, Nafarroa Beherea, 1950), hala du izkiriatu bere bisita txartelean. Irudian Mattin Partarrieu artistak arkatzez marrazturiko gorpu bat ageri da; bularraldea zabaldu eta bertatik usoa libre jalgitzen ikusten da, bihotzaren lekuan ikurrinaren gorriak begietara jauzi egin arau. Urratzearen indarrak burua gibelerat igortzen dio, ile luzea mugimenduan ezarriz. Nor izatea hautatzeak eman dezakeen soleimendua islatu nahi balu bezala. Bildumagilea da Teilagorri: Euskal Herriko afixa, eranskailu eta liburuak milaka artoski gordeak baititu bere etxean, gai eta garai orotakoak. Xinaurri lan luze horrek, komiki baten gisa, historia iruditan kontatzen du.
Zenbat dituzu?
5.000-6.000 afixa original ditut hemen. Euskal Herri osoko talde guziengana bila abiatzen nintzen. Txalaparta argitaletxeko Jose Mari Espartzari neukana erakutsi niolarik, erran zidan horrekin zerbait egin behar zela. Hala, 1997an atera zen nik akuilatu nuen proiektua: Askatasunaren irudiak. Euskal Herriko kartelak 1793-1979 bilduma liburua. Argazki tresna analogikoa nuen, diru asko galdu nuen hor… Orduan digitala ukan izan banu… Afixak banaka-banaka paretari skotxez lotzen nituen argazkia atera ahal izateko, sistema berria asmatu nuen arte: taula zulokatu bat, airea pasatzen utziz, zeinari 10 zentimetroko kutxa bat lotua bainion, eta horren gibelean xurgagailu zahar bat, hola, afixa kolatu behar izan gabe ongi lotua egoten zen.
Nola antolatuak dituzu?
Tiranteetan, gaika: antzerkia, kantua, bertso, kirola, hauteskundeak alderdika, pastoralak, dantza, omenaldiak… Zinez denetarik. Karraskariak dira ene amesgaizto obsesiboa…
Harritu zaituen afixarik bada?
Bilbon atzeman nuen euskarazko bat, zeinak iragartzen baitu Donapaleuko 1978ko maiatzaren 27ko errugbi txapelketa: «Euzkadiko I kirol bilkurak. Rugby». Bestalde, daukadan zaharrena 1793ko afixa baten kopia da: frantses iraultzatik Hegoaldera eskapatu ziren uztariztarrak itzularazteko deia zen.
Zerk zaitu akuilatu bildumen abiatzera?
Donapaleuko ikastolako guraso bilakatu nintzelarik, afixen kolaketan jin zitzaidan bilduma egiteko enbeia. Handia zen orduan ikastolaren aldeko postura publikoki erakustea. Ene interesa emendatuz joan zen Hegoaldeko afixen aniztasuna egiaztatzean. Afixen bilketa ene militatzeko manera politiko-kulturala da. Ororen buru, afixa horiek Euskal Herriaren memoria dira. Euskal populuaren bizi nahiaren komunikazio bide nagusienetako bat.
Sasoian sasoikoa.
Beldurra pasatu dut, bide bazterretan beltzak denetan ikustean, kontrol basati horietako batean ez ote nituenez afixak galduko.
Nondik bildu dituzu?
Guhaurk kolatzen genituenez gain, sindikatu, alderdi politiko, mugimendu kulturalak, intsumisoen aldeko mugimenduak, Askapena, ekologistak, internazionalistak… Nafarroa eta EAEko gobernuengana ere jo izan dut. Ber denboran, murruetakoak hartzen nituen ganbetaren laguntzaz.
Eta eranskailuak?
Askoz interesgarriagoak dira, anitzagoak baitira ikusiz haien manipulazioak lanjer ttipiagoa zekarrela: sakelan sartu eta paretetan diskretuki itsats zitezkeen. Izan ere, frankismo garaian preso sartzen baitzuten kartela kolatze hutsagatik. 3.000 baditut: Patxa, EHE, Itoitz, ikastolak, Patxoki, Gabe, Euskal Batasuna, ANV, ekologiari lotuak, Osasuna, Ikasle Abertzaleak, Eraikitzen, EMA, Haika, Jarrai, Maia, AEK, Laguntza… Euskal Memoriaren fundazioak bi liburukitan bilduak ditu, eta hirugarrena bidean du.
Eta liburuak?
Betidanik maite izan ditut, bilduma egiten dut horiekin ere. Erosi edo trukatzen ditut, ez dut negoziorik egiten. Balio handiko zaharkeriak baditut hor! Nahi dut Euskal Herrian egon daitezen, denak Ameriketarat joan gabe.
Zuberoari buruzko errumanierazko liburu bat erosi nion behin asturiar bati; geroago deitu ninduen erranez bazuela euskal hilarriez beste bat, 200 euroan. Berehala erosi nion. 1923koa da, Colasena, famatua, 1.000 euroko balioa du!
Hizkuntzaren hautu hauta zurea.
Eskolarat abiatuz geroztik ez nintzen gehiago euskaraz ari. Seme gehiena ikastolan abiatzearekin hasi nintzen berriz. Irulegiko Irratia abiatu berritan, Mr Martin nintzen ezizenez; Donapaleuko berriak ematen nituen, frantsesez, euskaraz ez bainintzen trebe. Ahalke nintzenez, hiztegiz inguratu eta euskaraz abiatu nintzen. Orduan bilakatu nintzen Teilagorri. Sufritu dut! Ikastolaren aldeko borroka animalekoa izan da, garaian ez zen batere aisa.
Politikan engaiatu izan zara sekula?
Euskal Herriaren aldeko defentsan ari izan naiz gogor, baina inongo alderditan sartu gabe. Hegoaldera begira naiz biziki.
Duela hogei urte, bakar-bakarrik aurkeztu nintzen, etiketarik gabe, Loustaudaudinen oposizioan. Hilabete baten buruan, idazkaritzan ikusi nuen gutun bat zeinean auzapezak eskatzen baitzion Baionako frantses armadako klikari jin zedin Donapaleuko bestetarat. Salatu nuen publikoki, eta gazteek horren kontrako afixak atera zituzten. Ze kalapitak! Baina ez ziren jin! Kur-kur. Zenbait aldiz behar izan dut azkar izan.
Suhiltzaile eta sorospen formatzailea izan zara, hori ere afizioz?
Armadatik itzuli eta biharamunean berean izena eman nuen Donapaleuko suhiltzaile boluntarioetan. 40 urtez egona naiz zuzen. Ez nintzen beldur, hori nuen. Min handiena haurrekin hartu dut: izan zen garai bat haur sortu berrien bat-bateko heriotzekin. Zer gogorra! Oroitzen naiz ere suak gehiegi hartua zen etxe batetik haur baten negarrak entzutea, baina jada beranduegi zen, isildu ziren arte. Gorpua bildu nuen ondotik; burmuina beroak lehertu zion, eta esku eta oinak desagerturik. Afrusa izan zen. Bertze behin, adineko emazte bat belauniko jarri zitzaidan otoizka, semea bizirat ekar nezan, baina gibelean zuen, sokatik dilindan.
Bukaera urosik ere ukan duzua?
Denek hiltzat zuten gorpu bat zegoen lurrean, odol putzuaren erdian, bere burua ganibetaz zitzikatu zuen. Alta, ikusi orduko jakin nuen ez zela hilik, kasu handiz elekatzen nintzaion. Bost urteren buruko, etxerat agertu zitzaidan euskal bixkotxa eta Irulegiko arno botila batekin: «Bizia salbatu didazu, jauna».
Errugbilari errabiatua izana zara.
Gure etxea errugbi pentzetik berrehun metrotan genuenez, behiak alhan ezartzen genituen. Aitak manaturik, behi gorotzak biltzera nindoan igandero, partida aitzin. Noiztenka bat edo beste ahanzten nuen, publikoa irri trufaka ariarazteko: jokalariak lerratu eta jokoa segitu beharrez, partida osoa galtzamotz kakaztuetan iragan zezan!
25 urtez ari izan naiz, maila franko goran. Ez dut sekula errugbi eta suhiltzaileen entrenamendurik huts egin.
Pepe Rei kazetariarekin lanean aritu izan zinena?
2002an eskatu zidaten Baionan Kalegorria hilabetekariaren kudeatzaile izan nendila. Adiskide errefuxiatu batek erran zidan horra sustut ez nendin sar. Alta, ez nion kasurik egin, eta zinez gaizki pasatu nuen. Izan ere, bi urteren buruko Garzon epaileak zarratu zuen, eta egun batetik besterat ez nuen gehiago nehor: lankideei deika, eta isiltasuna nuen. Bakar-bakarrik kudeatu behar izan nuen likidazio guzia, eta nire sakelatik zorrak ordaindu. Beharrik Iparraldean ari zen langile baten laguntza ukan bainuen. Etxea galtzekotan egon nintzen. Ene buruaz beste egiteko ideiarekin ibili nintzen. Orain afera garbi da.
Informatikan informatu zara.
Informatikak eroarazten ninduen; autodidakta izan naiz alor horretan. Enpresa bat eta biok lehenbiziko biak izan ginen Internet hartzen Donapaleun!
Haurrideetarik gehienak ez ote du etxeko segida hartu behar?
Laborantza eskolan ibili nintzen, bai. Baina geometria enpresa batean hartu ninduten langile zedarrien landatzeko, laborari gisa ongi egiten bainekien. Bertako ikastun langile batek akuilatu ninduen hautagai libre gisa geometria-topografia ikasketetan aurkez nendin. Konbentzitu ninduen, eta etxaldeko lanen artetik ari izan naiz ikasten, hiru urtez, azterketa gainditu arte.
Lanbidean bidaia bidaide.
Geometra gisa Afrika beltzerat igorri ninduten ur barraderen egiteko izarien hartzera: Benin, Togo, Kongo, Ginea, Gabon… Aldi oroz sei bat asteko xantierrak ziren, orotara hamar bat aldiz izan naiz. Kaledonia Berrirat ere, Tjibaouren hilketa garai bero hartan.
Zer oroitzen duzu bidaiez?
Kanak jendearekin beti lotura onak izan ditut. Hara heltzean nik ikurrina erakutsi nuen, errateko: «Hau da nire bandera». Herrixkarik hurbilena zaldiz hamabi orenetara zegoen guneetan ari izan naiz lanean, helikopteroz baizik irits ez zitekeen lekura. Langile kanakek beti su ematen zioten oihanari: «Izpiritu gaiztoen» uxatzeko. Elkarren artean beti uluka zebiltzan; etxeratu nintzelarik, ni ere hala ari nintzen! Kur-kur.
Eta Afrikan?
Han ere lekuko jendearekin ari izan naiz beti lanean. Hara joateagatik ordaintzen zidaten paga bikoitza bertakoekin partekatzen nuen. Esker onez bananak eta ananak ekartzen zizkidaten. Hala, bortz metroko suge bat jatera gonbidatu ninduten, haragi zuri-zurikoa. Beste behin, familia handi bateko haur bat eman nahi izan zidaten. Pentsa, parasolaz ekitik babesten ninduen lagun bat ere banuen: «Nagusi, badu
zu tse-tse euli bat», filmetan bezala! Tarteka, autoa ere panan ezartzen zidaten sos poxi bat biltzeko.
Ez zinen esku hutsik abian.
Niregana jo zuten puska batzuk eraman nitzan: baziren bi urte bost euskal deportatu itxialdian zeuzkatela Togon. Pagolako [Zuberoa] serora baten laguntza bazuten. Horrela nuen ezagutu Galdos-Oronoz Historias deportatua: errugbi entrenamendutik zuzenean Togorat eraman zuten! Ondoko urtean berriz ere laneko nintzenez, bisitan joan nintzaien Aberri Eguna ospatzeko. Haientzako eramana nuen ardi gasna nihaurk jan nuen aitzineko egunetan: goseak hilik bainintzen! Itzultzeko, txoferra net mozkorra nuen, eta ez zidan gidatzen utzi nahi! Lau orenez hiltzeko beldurrez egon nintzen!
Ezin komenta gehio.