Otsailaren 3ko Iparraldeko Hitzan agertu zen antzerkilari gaztearen elkarrizketa. Lehen urratsak Antton Lukurekin eginik, kanpoaldean ibilia da orain arte ikasketak segitzen eta antzerkian barnatzen. Euskal Herrira itzultzen zaigu orain eta euskarazko antzerki batean ikusi beharko genuke helduden urte hastapenean.
Hona Hitzako artikulua bere osoan.
“Energia bada Euskal Herrian proiektuen muntatzeko”
Konpainiarekin bidean duen “Behin bazen Internet” euskaratuko du Urrutik. Hecho en Casarekin ariko da ‘Cyrano’-ren euskarazko bertsioan, eta Kimu proiektuko hautatuetan da haurren antzerki formakuntzarako.
Parisen gaindi da azken aldi hauetan Maryse Urruti antzerkilari amikuztarra (Martxuta, 1988). Ez luzerako, martxo hondarrean itzuliko baita Euskal Herrirat, zenbait proiektutan parte hartuz. Les Instants Electriques bere antzerki konpainiaren web atariko aurkezpenean, aipatzen du Garaziko ikastetxean irakasle izan zuen Antton Lukurekin piztu zitzaiola taula gainaren tirria.
Noiz, non eta nolakoa izan zen lehen dasta antzerkiarekin?
Dudan lehen oroitzapena… eskolan nintzen: urte bukaerako ikusgarria zen, eta 5 urte nituen. Ehiztari baten zerbitzariarena egiten nuen. Oroitzapen izigarri ona atxikitzen dut; ez zen deus, esketx ttipi bat, baina izigarri maite ukan nuen. Gero, egiazko antzerki bat, lizeoan, Garazin: Globokop antzerkia, Anttonekin [Luku]. Kolektibo baten oroitzapena dut. Abentura kolektiboa zen. Lehenbiziko oihu hori; oihu horren botatzea izigarri azkar dut gogoan.
Ofiziokoa bilakaturik, antzerkilariaren gaurko begitik, nola ikusten duzu Globokop?
Bideoa berriz ikusi dut, eta harritua izan naiz. Izigarri kalitate handiko lana da; ene ustez, profesionala da: taula zuzendaritza, idazketa, oro; biziki lan sakona da. Antzerkilari begiekin ikusi dut, eta dena bazen; momentu hartan ez nuen kasik deus ulertu, baina hor, heldu gisa, gauza gehiago ulertu ditut. Esentzia hor zen, kolektiboa.
Lizeotik landa berehala hasi zara antzerkilari bidean?
Ez. Ene ustez, buruan, nahi nuen antzerkia egin, baina ez naiz ausartu burasoei galdegiten. Familian ez gara baitezpada artistak; herri ttipi batekoa naiz, eta ez da lan baten gisan ikusia. Politika Zientziak egin ditut. Konkurtsoak pasatu nituen Bordelen eta Tolosan; ez nuen pentsatzen ukaitea, eta, azkenean, Tolosakoa lortu. Han, ikasketen karietara, berezitasuna hautatu nuen kultura arloan. Azken ikastaroa Parisen egin nuen, antzoki batean, eta izigarri gaizki pasatu zen, afrusa izan zen. Pentsaketa egin nuen: zertarako hori egin nahi nuen? Master II diploma eskuratu, eta kuraia hartu nuen burasoei galdegiteko antzerkiarentzat. Lehen antzerki eskola batera sartu nintzen Parisen. Ez zen hain ona, baina sentitu nuen zerbait azkarra gertatu zela. Zerbait bizia banuen barnean. Beste eskola bat atzeman nuen: L’Ecole du Jeu [Jokoaren eskola]. Irrigarria da, zeren geroztik jakin dut Delphine Eliet —eskolaren sortzailea— Chimeres taldean hasi zela eta Euskal Herrikoa dela bera ere. Hiru urtez segitu nituen kurtsoak han, eta gero hasi antzerkilari.
Antzerki eskolaren ekarpena zein izan da zuretako?
Delphinek (Eliet) badu TCIC teknika: Intuizio eta Gorputz Baieztapen Teknika. Antzerki guziz fisikoa da. Erraten du musikari batek bere tresna landu behar duela, gamak egin behar dituela, eta antzerkilari batek ere bereak egin behar dituela. Phedre egin aitzin behar direla emozioak ezagutu lehenik. Lan fisikoa da; musikarekin lan egiten genuen anitz. Zure gorputza ezagutzen duzu horrela, zure sentsazioak. Beste kurtsoak baziren: maska erabiltzeko; Japoniako buto dantza ere bai. Izigarri dantza fisikoa: barneko gauzak agerrarazten dituzu kanpora. Kantua ere bazen. Erran behar da joko eskolan nintzelarik hasi nintzela bestalde kantu lirikoa ikasten. Parte handia du ene lanean; ez du erran nahi anitz kantatzen dudanik ene lanetan, baina esperientzia biziki azkarra izan da bozaren indarra atzematearena. Eta taula gainean erabili behar denez…
Zein ziren lehen antzezlana eta konpainia?
Mathilde Saubole ezagutu nuen joko eskolan. Izan zuen karta zuri bat, eta doluari buruzko istorio bat zen: anaia bat eta arreba bat Marseillara joaten ziren ahizparen gorputza berreskuratzeko, hil ondoan. Doluaren gaia arras interesgarria iduritu zitzaidan. Hastapenean, Mathildek galdegin zidan kanpoko begirada izatea; azkenean, ohartu ginen ontsa lan egiten genuela elkarrekin, eta nahi genuen biak batean izan taula gainean. Les Instants Electriques konpainia sortu genuen. Bizipen azkarra izan da, dena ikasi baitugu ber mementoan: txostenen egiten, taula zuzendaritza, testu idaztea, hedapena… Etxekoz etxeko baina anitz ikasi dugu.
Geroztik beste konpainia bat sortu duzu, eta proiektu berria.
13R3P izena du konpainiak, eta Elodie Darquierekin muntatu dugu. Ez zen batere antzerki mundukoa: Politika Zientzietan ezagutu nuen. Numerikoaren sailean lan egiten zuen, eta ideia ukan dugu Il etait une fois l’Internet [Behin bazen Internet] muntatzea. Il etait une fois la vie berriz hartzen du, eta Data izeneko pertsonaia segitzen dugu zuntz optiko kableetan barna, jakiteko nola ibiltzen den Internet sarea. Orain euskararat itzultzen ari gara, Txomin Urrizari esker, eta, normalki, 2018ko urtarrilean aterako da. Apiril bukaeran lantzen hasiko gara, Baxe-Nafarroko Herri Antzokiaren sostenguarekin.
Zerk akuilatu zaitu euskarazko bertsioa egitera?
Euskal Herrirat itzuli nahi dut. Hecho en Casa [Baionako] taldearen Cyrano antzezlanarentzat hartua izan naiz euskaraz emateko. Aldaketa bat ekarri dit; egin dut beharbada posible zela Euskal Herrian bizi eta euskaraz lan egitea. Banekien ez nintzela Parisen egonen betiko. Seinale baten gisan ikusi dut, eta iduritu zait Behin bazen Internet interesgarria izaten ahal zela euskaraz. Hamabi pertsonaia ditugu, eta pentsatu dut beharbada euskalki desberdinak entzunaraz genitzakeela. Ez da euskal adaptazioa izanen; lana berriz sortuko dugu: pertsonaiak euskal testuinguruan ibiliko dira.
Hamabi pertsonaiak zuhaurrek antzezten dituzu. Jokoak du munta taula gainean?
Pertsonaiak dira inportanteenak. Bada taula zuzendaritza bat, baina pertsonaien biziak dira segitzen; ez da efektu handirik. Gero, anitz bideo bada ikusgarrian, eta badu inportantzia. Bideoari esker, aise sartzen ahal da leku desberdinetan.
Euskal antzerkirat itzultzea garrantzitsua zaizula diozu.
Pentsaketa ari izan naiz Anttonen [Luku] erretreta hartzea kari muntatu genuenetik landa. Harrigarria zen ikustea jendeak zer nahikaria, gogoa zuen ikasle ohi horietan guzietan. Euskal antzerkiaren historia bizirik dela erakusten du. Zerbait bada euskal antzerkian, hurbilago egiten gaituena. Herrikoia den zerbait. Zinezko amodio bat kausitu dut han ikasleen artean. Bada energia bat proiektuen muntatzeko Euskal Herrian; amateurrek segitzen dute gauza interesgarrien sortzen.
Ezin komenta gehio.