“Gure aita-amak ikusi ditut negarrez; afrusa da hola bizitzea”
Jondoni Martirine, azaroaren 11, luzaz egun iluna izan da euskaldun frankorentzat. Nagusiek etxetiarrei egotea ala kanpoa jakinarazten zieten eguna edo garaia. Etxetiargo dorpea bizi izan du Errekaldek.
Hamar haurrideko familia batean hazia izan da Frantxua Errekalde (Gabadi, Nafarroa Beherea, 1924). Batzuentzat 1970eko hamarkada arte iraun duen etxetiar edo etxezaingoa bizi izan du; XX. mendeak ere ezagutu duen esklabotza modernoa. Etxe nagusi edo jabe batzuen peko ari ziren lanean. Amikuzek etxetiargo bortitzenetarik ezagutu du, izerdi eta odoletan erdietsi den mendreneko uzta eta etxeko kabalak partekatu behar baitziren nagusiarekin. Haurra zela oraino hasi zen etxeko lanetan eta mutil Errekalde. Gerla denboran erresistentzian sartu zen, eta ondotik Bordele aldera joan. SNCFko langile gisa ibili zen. Bizi izanak gogoan ditu argi eta garbi iltzaturik.
Zein etxetan sortu zinen?
Etxeñoan. Gero, Elgartetxeberriarat; 8 urte nituen. Guerin jaunarentzat ari ginen. Zikoitza zen. Bere kabalak ezartzen zituen guk erabili lurretan, eta kabalak nahasten ziren aldikal; haur eta oro joan behar genuen bereizterat. Haren alaba Berdeko andereari erran nion behin: “Hi izan haiz eskolan, baina guk sufritu dinagu!”.
Eskola 9 urtetan behar izan zenuen utzi!
Bai, aita eritu zelarik; ez baikenuen mutilik, gizon bakarra nintzen etxean. Pleuresia zornetsua izan zuen aitak, eta Baionan egon zen bost hilabetez hodi bat saihetsetik sarturik. Amak zazpigarren haurra sabelean zuen. Ordaina behar zen, auzoetarat joan behar; sekula aita hil izan balitz, ezarriko gintuzten hutsa zen etxe zahar batean. Ohartzen zara nagusiak nolakoak ziren? Ez baginen errentagarriak, kanpo ezartzen gintuzten, deus esplikaziorik gabe.
11 urte nituela, Gereñeniarat joan nintzen mutil. Etxe hura hutsik da egun. Gaixo Gereñenia! 1941ean, Amenduze Manttenünean ibili nintzen mutil.
Gerla zen orduan.
Bai, eta Amenduzeko jauregian alemanek bazituzten bi preso marokoar lanean ari zirenak. Goizeko bi orenetan pasarazi nituen Arberatzerat, zone libre edo eremu librerat pasatu nahi baitzuten. Hor azkarki nardatu ninduten; lanean erauntsi bainintzen haiekin, barrandan ziren. Jauregiko nagusia eta jendarmeak alemanak baino gaiztoagoak ziren. Nahi baitzuten sala nezan, baina nik ez nuen deus salatu. Ez zuten frogatu ahal izan! Deia banituen Gabaditik pasaraziak judu batzuk. Ez nintzen eskolatua, baina… kar, kar! Gero jin zen Todt Antolakundea. Gizonak errekisizionatzen zituzten Baionarat joateko lehorreratzearen kontrako bunkerren egitera. Orduko Gabadiko merak erran zidan joan behar nuela; nik ezetz, alemanentzat ez nuela lanik eginen. Horretan engaiatu nintzen De Gaullen deiaren ondotik.
Mutil zinelarik pagatua zinena?
Bai, hazia eta pagatua urtean. Mutil handiak behi baten saria zuen, eta nik, aratxe baten saria. Mutil ttipia nintzen, eta ez nuen haizu siestaren egitea, baizik eta ene adinean ez nuela loaldiaren egitearen beharrik; bestek bai. Alta, sei orenetan jaikirik eta arratsetan hamar orenak artio ari nintzen lanean. Bortitzak ziren, e! Mutil handiarekin lo egiten genuen ohe berean. Hark bazituen 20 urte pasa; hortakotz zen mutil handia. Ni haurra nintzen 11 urtetan. Bi ginen Gabadin gomendatzen gintuztenak hots-emaile gisa. Denek galdegiten gintuzten, eta zortzi lekutarat joaten nintzen. Egunarentzat abiatzen nintzen; jaterat ematen zidaten, eta ontsa kontent nintzen. Etxean estomaka erdi hutsa baitzen; arroltzea erditik eta hola.
Azaroaren 11, beldur eguna.
Bai, baina, ontsalaz, lehenago erraten zizun. Azaroaren 11z egiten zuten bazkaria. Zenbait nagusik bost-sei etxetiar edo berdin gehiago ere baitzituzten. Bazkariko atzarra etxetiarrarena zen, arnoa ere bai. Eta hor zuen erraten nagusiak. Baina herriko bozendako paperetan agertzen zen harendako bozkatu zenuenez.
Nolaz bazekien?
Jukutriak baitziren. Gabadin, meriako gaineko leihotik bota zuten boto kesa; hamar parte hautsi zen, eta denak xehakatu zituzten. Orduan, bazkari hartan, nagusiak etxetiar bakoitzari erraten zien: —”Hik, lanean hobekixeago beharko duk ekarri!”. -“Hi joan behar haiz kanporat!”. Etxetiarrak: -“Ni? Zendako?”. Nagusiak arrapostua: -“Hobeki bozkatzen ikasteko!”. Aitaren denborakoa da istorio hori: azaroaren 11 jin zen, zernahi euri egin zuen, eta artoa, etxeko partea, ez zuen sartua. Nagusiak erran zion: “Arto hori ez baduk sartua gauerditan, jendarmeak ukanen dituk!”. Erauntsi ziren lanean, baina arratsa jitearekin ez zuten oro bildu ahal izan. Nagusia joan zen gauerditan linternarekilan, ketaren gibelean, eta erran: “Bihar erranen deat zenbat arto ebatsi datakan!”. Hori diktadura zen! Mendekatzen zen. Denak beldurrarekin bizi ziren.
Partekatze baldintzak zer ziren?
Ogia, erdizka. Joite gastuak etxetiarrak zituen pagatzen. Artoa: 6/4 zen. Sei nagusiarentzat, lau etxetiarrarentzat. Atzarra, erdizka. Gapuñak, oilaskoak zikiratu behar ziren nagusiarentzat. Xingar bat eman behar zen ere. Ardiak erdizka ziren. Behiak, erdizka. Etxetiarrak mahastitik egin arnoaren %20 inguru hartzen zuen nagusiak. Ilharren parte bat ere eman behar genuen. Esklabotza zen; azpigaratuak ginen.
Nork zituen kabalak hautatzen?
Nagusiak bazuen konfiantzazko gizon bat. Gabadin Barnetuako nagusia zen, biarnes bat. Jauregietan, Ingalaterrako Milor batzuk ziren, bankariak, duela berrehun urte pasa-edo jinak. Anitz eremu erosi zuten hemen gaindi, gazteluak egin. Altzumartako jauregiak hamahiru etxetiar bazituen. Etxetiarrak lerrokaturik heldu ziren orga bete artorekin nagusiarentzat. Jauregi aitzinean bazen mahai handi bat ahate eta antzaren uzteko. Antzara ederrena zuenak bost sos bazituen. Ondoan, bazen mahai ttipi bat antzara gibelez beterik. Ez zuten hainbesteren beharrik, ahalgezungarria zen! Gure aita-amak ikusi ditut negarrez. Afrusa da hola bizitzea. Gerla ondoan hasi ziren gauzak aldatzen afermarekin.
Ez zen gauza handirik gelditzen etxeko hondarrean.
Fitsik ez.
Orduan, nola bizi zineten?
Tristeki. Arroltzea erdizka. Mestüra (arto irin eta urez egin ahi bat) egiten genuen, eta gaztaina. Esnearekin nahasten, ez baitzen azukrerik orduan. Horiek ziren familiako menuak.
Zer giro zen etxetiarren artean?
Nola gerta. Horietan ere baziren salatariak. Jelosgoa ez da itzal arrunta. Salaketa miserian direnen artean ez da polit, gaitzena da. 200 urtez ez genuen gerlarik baizik izan, eta aldiro miserian erortzen zen jendea, eta etxetiarrak ziren petzero. Edo gerlan galtzen ziren edo eriturik itzultzen.
Ezin komenta gehio.