Iparraldeko hitzak bere lana jarraitzen du astez-aste. Berriki, Margitta elkarrizketatu dute. Bere su eta karrak ezagun dira bere eleetan, testotik izerditan. Goraintziak berari hemendik!
Huna artikulua.
Margitta Mathieu – Euskal eragilea
Ekiak dituen izpiak bezainbat hitzordu ditu Garruzeko Margittak. Etxeko mintzaira bere baitatik ikasiz geroztik, bere esku den guzia egiten du Pekoetxeberriatik lau haizetarat haren inarren igortzeko.
Margitta Mathieuk (Garruze, 1944) irakasten ez zekiena ikasi du: bere hizkuntza. Urrunera joan ondotik, kanpoan ikusitakoarekin etxekoa apailatzen entseatu da, elkartasunaren bidetik.
Euskal Herritik kanpora…
Hemeretzi urtetan ez nuen lanean hasi nahi, funtsean, inkontzienteki, eskapatu nahi nuen. Justuki, Mauleko misionest bat pasa zen, zeinak irakasleak xerkatzen baitzituen Boli Kostarako. Hala, interesatua nintzen, zeren eta jada presioa banuen hemen ttipiei eskolak emateko.
Gauzak hola, misionest laikoen bidez Bordeletik abiatu ontzian bi asteko bidaia egin nuen nihaurrek. Ene bizitzako lehen urratsa izan zen.
Orotarat, han, sei urteko ibilbidea egin dut, misioan lehenik, serorekin: eskolak ematen, jendea artatzen… Ondoren, Katixima irakastean lehentze nuen sentitu zer zen hizkuntza batetik besterat pasatzea, beti itzultzaile baten beharretan baikinen, frantsesa baldin bazen ere hizkuntza nazionala, tribuetako gutiengo hizkuntza anitz bazen: baule, diula, trukerako balio zuen musulmanena: arabiera… Herri bakoitzak bere etnia bazuen: mosi, guro… Hor nuen sentitu herrimina, bai eta entelegatu ere Euskal Herria bera zer zen.
Bi urteren buruan, etxeratu eta berriz abiatu nintzen, bigarren mailan irakasteko, preseski, nesken elite lizeoa eraikitzen ari baitziren ministroen emazteen formatzeko. Orduan nuen Hufued Buañi orduko presidentea bera ezagutu.
Azkenik, Abidjan hiri nagusiko ikastetxe publiko batean lanean hasi nintzen.
Irakaskuntzaren bidaia hasi bertzerik ez zen egin.
Parisen, kasik hogei urtez egona naiz; Sorbonan lizentzia pasa-eta ikastetxe publikoetan lan eginez. Zinez maite ukan dut hiri hori; konparazione, egun bat beti atxikitzen nuen museo edo zinemarat joateko.
Han zenuen euskararen besarkagia kausitu.
40 urtetan naiz euskararen ikasten hasi, liburuetarik, huts bat sentitzen bainuen. Belarria egina bai, baina etxean ez nuen sekulan hitz bakar bat ere egin. Euskara menperatzeak ene berpiztea ekarri zidan!
Allande Boutin, Olivier Geri eta Daniel Olhagarai kideekin batera, euskara atxikitzeko Parisko Sustraia-erroak elkartearen bidez lehen ikastaldietan parte hartu genuen. Genituen indar ttipiekin anitz mugitu ginen denbora haietan! La Rue du Banceko euskal etxean kurtsoak hartu eta ematen genituen. Hizkuntza batean sartzeko, parada guziez baliatzen zara. Ikasle berriak ikusten nituen urrats ttipika aitzinatzen ari, eta bat-batean, paf!, mintzatzen hasten. Ororen buru, zailena mintzatzea da; “ez da Amikuzeko euskara…”, erraten zidaten; orduan, euskaldun berri gisa pena hartu nuen.
Abiapunturat itzuli zinen.
Luze izan bada ere, mirakuluz, Donapaleun ukan nuen postua, orduan biziki zaila baitzen berriz itzultzea. Ikastolei eman izan diet beti sostengu handia, helburua euskara baitzen eta kito, baina publikoan ari izan bainaiz beti, hor ere gauzak egin behar ziren, eta emeki-emeki egin ere. Oraingo gazteek, uste dut, ez dakite zer bide egin dugun, pentsatzen dute betidanik orain den bezala izan dela; alta, desafio bat bezala izan zen. Oroitzen naiz Anne-Marie Kurutxetek Paris utzirik Sarako lehen eskola publiko elebiduna sortu zuela, kuraia handiz.
Baionako fakultatea abiatu zelarik euskaraz, berriz ikasketei lotu nintzaien, baina ez nituen bukatu, zeren eta diplomarik gabeko batzuek ez baitzuten begi onez ikusten Paristik jiten ginenok haien lekuak har genitzan…
Donapaleurat jitean inozente hutsa nintzen, hain nintzen kontent Euskal Herrian, eta beldurrik gabe euskararen alde aritu nintzen Amikuzeko beste irakasle ibilkariekin: Jean Mixel Puxulu, Mixel Ernaga, Monika Xobigarat… ez da ahanztekoa egin duten lan handia. Euskara bultzatzeko menturan Zabalik elkarteko kideekin harremanetan sartu nintzen, eta hala-hala, hogei urtez kide izan naiz! Ene helburua euskara zen; enetzat hizkuntza terapia bat bezala da, bizitzako helburu bat, goxotasuna, eta beti bada ikasteko. Halaber, lehen seigarren klase elebiduna sortzea kausitu dugu gurasoekin batera. Ez da aise izan. Hiru sailek behar dute beti elkarrekin aritu, ez konkurrentzian.
Artetik, errateko, Robert Garat irakaslearen lan handiari esker, kausitu genuen Vichy gobernamenduko Leon Berard ministroaren izenaren kentzea, orain Amikuzeko ikastetxea deitzen baita.
Manex Goihenetxe ongi ezagutu zenuen, eztela?
Garai batean, biziki lan egin nuen Manex Goihenetxerekin; gure lagun mina izan zen. Oraino huts handia sendi dugu, sobera fite joan baitzen. Bere xedeen bidetik, Bilketa operazio handia burutu dugu, politika publikoan; gisa horretan, liburutegi orotan, izan pribatu, publiko edo fakultatean, liburuen funts bat bada: gure ondarea. Biziki ontsa martxan da.
Gisa berean, Santxo frantziskanoak hasi lanaren bidetik, Manex Erdozaintzi liburutegia ere muntatu dugu, zeina toki publikoan baita: mediatekan. Tamalez, guti ezagutua da.
Elkarteak munta handikoak dira zuretzat.
Bost elkartetan ari naiz. Lehengo Garruzen, zeinak duela bi urte Gure etxeak argitaratu baitzuen; orain, duela lauzpabost belaunaldiren gizarte mugimenduei buruz ikertzen ari gara klaseko argazki zaharretarik abiatuz, so egin honi… Uroski, ontsa borrokaturik artxiboak orain Baionan dira. Enetzat, hizkuntza eta Garruze dira garrantzitsuenak.
Bigarrenik, Zabalik elkartean; hirugarrenik, Liburuak elkarteari esker mediateka ele biz ezarri eta irakurketa batzodea muntatu dugu, langilea euskalduntzen ere ari da. Biziki garrantzitsua zait, liburuei errespetua baitiet eta biziki lagundu bainaute nahi dut jendearen patuan har dezaten beren lekua, laguntzeko. Hala, karriketan liburu xokoak ezarri nahi ditugu, nahi duen orok liburuak har eta utz ditzan.
Laugarrenik, Amikuze Genealogie elkartean Amikuzeko herrien datuak numerizatzen ari gara. Azkenik, Euskal-Argentina elkartean handik jin eta hemendik joan gutunak itzultzen lagundu dut.
Gibelerat so eginez, ene buruari diot dena denen artean egin dugula, ez bakar batek. Hemen elkar hiltzen dugu egozentrismoak joa; alta, bakoitzak berea ekartzen du, errespetatu behar da, ezagutu eta ez ahantzi.
Ezin komenta gehio.