KAZETA.EUS webgunean Ximun Lacroix-ri elkarrizketa egin diote. Bi urte ixtantean Shangain dela, esplikatzen ditu xeheki hango bizimoldea eta nola antolatzen diren hango euskaldunak herri-minaren goxatzeko.
Huna artikulu osoa hementxe.
Behauzetik Txinara euskal ohiturak eraman dituen herritarra
Idoia ERASO|2015/11/25 08:15 KAZETA.EUS
Bada bi urte Ximun Lacroix behauztarra Txinan bizi dela. Bertako hiriburuan bizi diren euskaldunekin bat egin du, batez ere Euskal Etxearen aisialdi toki eta elkarguneari esker. Txinan ere gure herriko festak ospatzeko lanean ari da: sanferminak, danborrada, Korrika…
Ximun Lacroix behauztarrak bere ibilbide profesionala Gipuzkoan hasi zuen. Shangaiko Euskal Etxeko kideak urte gutxi batzuetarako soilik joandako beharginak izan ohi dira. Euskal enpresek dirua jartzen dute beren langileek egoitzako giltza izan dezaten.
Abenturazalea da Ximun Lacroix
Behauzetik Txinara heltzeko bide luzea bizitzak ematen dizkion aukerak hartuz eta sortuz egin du. Asiaraino eraman duen ausardia eta ezagutza egarriak lehenik Finlandiara eraman zuen Erasmus programari esker, eta, ondoren, Aretxabaletara, Mondragon Korporazioko Mondragon Assembly kooperatibara. Ingeniaritza ikasketak egitera Tarbes hirira joan zen, euskara bezain ongi ezagutzen duen frantsesa erabiliz. Baina ikasketa horiek gauzatzeko enpresetan egin behar zen proiektua egiteko Euskal Herritik atera gabe estatuek ezartzen duten muga zeharkatzea deliberatu zuen. « Proiektu bat egin behar genuenean, eta kooperatibekiko betidanik izan nuen interesetik abiatuta joan nintzen. Hego Euskal Herria ezagutu gabe, gaztelera jakin gabe, joango nintzela erabaki nuen. Euskararekin arrisku gutxi zegoela eta komunikatzeko erraza izango zela pentsatu nuen, eta beharbada gaztelera ikasiko nuela ere », azaldu du gazteak. « Lehenengo euskalkia ikasi nuen, gero batua hobetu, eta, azkenik, erdara ». Toki batzuetan euskara soilik ezagututa lan eta bizi daitekeela erakutsi zuen baxenabartarrak: « Gaztelera jakin gabe bizi daiteke Hegoaldean. Baziren enpresan pare bat pertsona ikusten zela normalean erabiltzen ez zutenak, baina ari ziren. Euskal Herriko herri gutxitan, baina leku batzuetan egin daiteke ». Behauztarraren bizitzan gure hizkuntza nagusitzen da Txinan ere: « Giro euskalduna da gurea, badira batzuk Bilbokoak, ez dakitenak, baina gehiengo handiak euskara badaki, eta ematen du. Anitzek gehiago erabiltzen dute hemen Euskal Herriko koadrillan baino ». Euskaldunen artean egotea da etxetik urrun bizitzen laguntzeko bidea, horretarako Shangaiko Euskal Etxean elkartzen dira. « Badut koadrilla bat hemen, jendeak bere bizitza ongi okupatzen du bakarrik ez egoteko eta Euskal Herria faltan ez botatzeko. Gauzak antolatzen dira eta harrera oso ona izaten da ». Shangaikoa ez da munduan zehar dauden beste Euskal Etxeak bezalakoa. Bilgune bakoitzak bere berezitasunak baldin baditu ere, duela hamar urte sortu zen Shangaikoa bakarra dela esan daiteke. Urte gutxi batzuetarako lanera joaten diren ikasketa maila altuko kideak dira kide gehin-gehienak. « Txinan ez da euskal diasporarik AEBetan bezala, pasaiako jendea da, urte jakin batzuetarako etortzen dena. Antolakuntza ezberdina da, hemen inork ez du dirua sartzen; urteko kuota indibidual bat pagatzen da eta tartean badira euskal enpresak ere. Azken horiek dirua ematen dute langileek giltza izan dezaten. 16 enpresa eta 35 sozio indibidual ditugu. Orotara 70 pertsona inguru biltzen gara », azaldu du Lacroixek.
Etxera itzultzea gogoan
Behin-behinekotasuna da bertako euskaldunen bizitzaren ezaugarri nagusia. Behauztarrak bi urte egingo ditu Shangain eta maiatzerako etxeratzea du helburu. « Gehienek ez dute planteatzen hemen gelditzea, denentzat pasaiako tokia da. Denek etxera itzultzea dute gogoan », nabarmendu du baxenabartarrak. Bertakoekin ezkonduta dauden gutxiek ere ideia bera duten buruan: « Hemen hamar urte bizitzen daramatzatenek ere esaten dute Euskal Herrira bueltatuko direla. Lagunak egiten eta agurtzen pasatzen dute denbora ». Bertan gelditu nahi ez izatearen arrazoia behin baino gehiagotan azpimarratu du Lacroixek: « Euskal Herritik guztiz ezberdina da ». Testuingurua da ezberdintasun horren arrazoietako bat: « 24 milioi pertsonako hiria da Shangai, kristoren jendetza dago beti. Dena ikusgarria da, baina guri gustatzen zaiguna, hondartza, mendia, bizikletan ibiltzea, lagunekin zerbait hartzea… ez dago. Hirietan nagusi diren dibertimenduak daude: diskotekak, ‘postureoa’… Gure bizitzatik beste muturra. Dibertigarria da denbora baterako, baina ez bizitzeko ». Kulturalki txinatarrekiko diferentziak ere oso handiak dira. Horrek erlazioak, eta, ondorioz, loturak sortzeko zailtasunak ekartzen ditu: « Kulturalki ere bi mutur gara, zaila da horrelako egoeran lagunak izatea ». Txinaren tamaina kontuan harturik orokortzerik ez dela zehaztu arren, laguntasunaren gaineko ikuspegi ezberdinak nabarmendu ditu: « Interesak anitz kontuan hartzen dituzte, beraientzat laguntasuna da nik zuri zerbait ekartzen dizut, eta zuk niri beste zerbait ». Diruaren erabilerak berak bi bizimodu oso ezberdin islatzen ditu: « Beraientzat zozoak gara, irabazten dugun dirua zerbeza batean edo afaltzen gastatzeagatik gorde edo aurrezten ahal dugularik. Daukaten bizitza biziki xumea eta xuhurra da; aberatsak dira, dirua gordetzen dute ». Aurrezteaz gain, hori bai, diruari bestelako erabilerak ere ematen dizkiote: « Beste testuinguru batean bizi dira, etxea badute, auto biziki onak dituzte. Mugikorra, adibidez, nik baino hobea dute bai ingeniariek bai operarioek ere ». Horiek horrela, denbora librearen gehiengoa euskaldunen artean pasatzen dute: « Nahiz eta urrun egon, nahiko goiz sentitu nintzen etxean bezala ». Bi bide nagusi dira horretarako. Bata Kunshaneko industria parkea da. Mondragon Korporazioko hainbat enpresek elkarrekin duten gunean jangela moduko bat dago euskaldunentzat, eguerdi guztiz elkarrekin bazkaltzeko. Euskal Etxea da beste bidea, Lacroixen kasuan bien arteko lotura naturalki egin zelarik, beste hainbat laguni gertatu bezala. « Hasieran bazkari eta afarietara joaten hasi nintzen, antolatuak ziren ekintzetan parte hartzen. Zortzi hilabetera zuzendaritza berria osatu zen eta sartu nintzen, horrela pixka bat gehiago mugitzen naiz ». Lau pertsonek osatzen dute zuzendaritza batzordea; horietako bi Lacroixen lagunak dira eta elkarrekin sartu ziren duela hilabete batzuk. Antolakuntza berezia du Shangaiko Euskal Etxeak, sozietate baten modukoa da. Antolatzen dituzten jarduera nagusiak hilabeteko azken ostiraletan egiten dituzten afariak eta Euskal Herriko festen ospakizunak dira. Jende gehien antolatzen dituzten San Fermin jaiek biltzen dituzte. « Aurten tifoia izan zen asteburuan, eta, ondorioz, 150 pertsona elkartu ginen, baina normalean 250 pertsona arte biltzen ahal dira ». Beste ekintzetara ere hurbiltzen diren euskaldunez gain kanpoko jendea ere hurbildu ohi da: « Espainol anitz, gehiengoa izan ohi dira, frantses batzuk… ». Mota horretako ekitaldiak antolatzeko elkartearen egoitzak ez duenez aski toki, taberna bat alokatzen dute, eta gero ateratako irabaziak Euskal Etxearekin elkarbanatzen dituzte. Maritxu Kajoi jaian ere horrela egiten dute, baina ostatu “chic” batean.
Txina eta ekitaldi jendetsuak
Korrika da lotura egiteko baliatzen duten beste hitzordu garrantzitsuetako bat. Munduko beste txokoetan bezala jaia bertako egoerara egokituta antolatzen dute, eta Shangaik ezaugarri oso bereziak ditu. « Txinan ezin da ekitaldi jendetsurik egin kalean, edo ez da erraza behintzat horrelakoak antolatzea. 30 pertsona korrika hasten badira pankarta baten atzean, berehala gelditzen dituzte ». Hori dela eta, aurreko edizioetan Kunshanen bertan egin izan dute Korrika. Industria parkean zehar kilometro bat korrika egin eta gero bazkaldu: « Gune pribatua da, eta bertan lasaiago egiten ahal da ». Aurtengo ekitaldirako, baina, zerbait berezia egin nahi izan zuten, aldi berean elkartearen hamargarren urteurrena ere bazela ospatuz. « Batzuk motibatu egin ginen eta Shangaiko Euskal Etxea eta 45 kilometrora dagoen parke industriala korrika lotu genituen. Bi kilometro egiten genituen bikoteka, eta ondoren lekukoa pasatzen genuen ». 30 bat korrikalari elkartu ziren horrela, eta lasterka aritu ez zirenentzat autobus bat antolatu zuten. « Azken kilometrorako 70 bat pertsona elkartu ginen. Gero bazkaldu, kantatu eta besta egin genuen ». Shangaiko euskaldunek beren lekuko berezian testu berezitua ere izan zuten, Kunshaneko gunera heltzean irakurtzeko. Lekukoaren barruan aurtengo lasterkaldirako beraientzat Beñat Gaztelumendik bereziki idatzitako bertsoa izan zuten: « Lekukoari gogor eutsita/ edo elkarri pasata/ euskara bere bide lokaztu/ arnasgune ta aldapa/ belaunalditik belaunaldira/ doa etapaz etapa/ Urepeletik Shangai aldera/ ttipi-ttapa ttipi-ttapa/ ahorik aho marrazten baita/ gure hizkuntzaren mapa ». Denboraren gehiengoa euskaldunen artean pasatzen badute ere, beste atzerritarrekin harremanak ere sustatzen dituzte, bereziki katalanekin. « Azken finean Shangain kanpotarren mundua ez da hain handia, eta, hala, euskaldunen baten bidez-edo, beti elkartzen gara. Katalanekin, esaterako, hainbat ekimen antolatzen ditugu ». Selekzioen arteko futbol partidak egiten dituzte, eta Athletic eta Bartzelonaren arteko Kopako finalerako jaia ere antolatu zuten partida elkarrekin ikusteko. Euskaldun gehienak Shangain daude, bertan baitira euskal enpresak ere. Ximun Lacroixek argi utzi digu hastapenetik bertatik: « Shangai ez da Txina, New York bezalakoa da: kilometroak eta kilometroak argiak, publizitateak, argiak, pankartak, argiak, trafikoa… Hori da ». Mega hiria gure herriarekin alderatuta, antzekotasunak gutxi dira: « Herri txiki batetik etorrita oso nekagarria da, hemen dena estresagarria da, nahiz eta ez garen konturatzen; estres txikiak dira. Behauze erabat ezberdina da; bakantzetan etxera joatean isiltasuna entzun eta konturatzen zara benetan nekatuta zaudela ».
Ezin komenta gehio.