2023an ere Libertimenduak tole ! Zortzi lekutan agertu dira gure ihauteriak :
- otsailaren 12an, Lekornen
- otsailaren 18an, Añorgan
- otsailaren 19an, Donibane Garazin eta Iruinean
- otsailaren 26an, Donapaleun
- martxoaren 5ean, Baigorrin
- martxoaren 11an, Hazparnen
- martxoaren 12an, Bunuzen
Berrikuntza adierazgarri bat Lekornen izan da, Baigura eskualdeko lagunek bolant arropa berriak estrenatu baitituzte. Hortarako Iruinkokoekin harremana trinkotu dute, gauzak beren funtsean eta sentsuan antolatzeko gisan. Egia da Iruinekoek, dena zerotik hasten eta, gogoeta batzuen ondotik moldatu dutela beren libertimendua eta nehorek bezain ongi egin beren hautuak, gehienak espreski sortuak, dantzen, musiken, jantzien, eta zirtzilen lekuaren artean oreka xekatuz.
Gertatzen da Libertimenduaren aro berria duela 18 urte abiatu zela Donibane Garazitik, eta hiru urte berantago Amikuzen ukan zuen bere lehen umea. Lehen urte horiek kode berrien bilaketan eta esperimentazioan eman ziren, bereziki zirtzilen jokoaren finkatzean, hori asmatzekoa baitzen. Jadanik ziren dantza taldeetan bermatu zen dantzaren partea, eta haren lantzea ez zen lehentasunetan orduan. Geroztik urak egin du bide, eta gero ozenago jabetzen ari da bolantek eta dantzariek dutela errituaren arkamasaren ardura.
Gai hunek hainbat solas izaten ari ditu aldizkari desberdinetan. Hona hemen gehiago barnatu nahi duenarentzat, zenbait helbide interesgarri :
- Dantzan. eus webgunean Aritz Ibanez-en artikulu bat lantzekoa den dantzaren lekuaz libertimenduan : Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Berria egunkarian, Pauline Guelle-n artikulu bat : Libertitzearen konexioaz
- Xaloa telebistan Baxenabarreko dantzaren historiaz hitzaldi bat Jojo Bidart eta Antton Lukurekin
- Jakin aldizkarian, Aritz Ibanezen artikulu mamitsu bat libertimenduen abentura bere orokorrean lantzen duena.
Amikuzen ere entseguetan dabiltza gure dantzariak azken urteetan, bolanten arropetan aldaketa batzu eginik, bai eta jauzi berri bat asmaturik.
Segurki, ondoko urteek oraino ainitz ekarriko dutela bide hortarik.
Otsailaren 26 huntan, Donapaleun 6-700 bat jende -ez da aise jakitea xuxen zenbat- bildu dira muntto-munttoa abere merkatu plazan. Burgaintzi eta Iruskiko dantzari eta bolantek gidaturik, Amikuzeko 65 bat gazteek plaza hartu dute eta beren jeinuen araberako jokoa erakutsi digute. Ze plazerra ! Jendea irriz, esku-zartaka, adi-adi ixiltasun handienean, eta bukaeran dantzan.
Zirtzilek beren saltsa guziak hedatu dituzte, bertsulariek – Amets Arzallus eta Haira Aizpurua- biziki untsa hor entzunak luzatu eta korapilatu, eta dantzariek, musikari banda eder baten soinuan, xingolak, koloreak eta gorputzak airatu. Argazki eta bideo zenbait ageri dira Dantzan.eus webgunean : bat eta bi
Ondotik, ikastolak xerbitxatzen duen bazkarian, 250 bat lagunek pestan jarraiki zuten berant arte.
Badu orain 15 urte Amikuzen aro berriko libertimendua egiten dela, hastapenetik Xabi Aintziburu dantzarien eta Mattin Irigoien zirtzilen gidari. Azken urteetan, belaunaldi berriak bere gain hartua du emeki-emeki errituaren gidaritza.
Bazkari denboran, parada baliatu zuten gazteek bi « zaharren » eskertzeko. Bertsutan agertu zuten batzu eta besteek beren esker on eta poza.
Biba gazteak eta segi hola !
Ezin komenta gehio.