Eihera bihiaren ehotzeko bada, bertsularitza idei(ar)en karruskatzeko izanen da, ustegabea eta ustegabe ongi jina nahitara ala nahigabe konbokatuz.
Holakorik bizi izan dugu 2019ko urriaren 11a huntan, bertsu afariaren karietara, Amenduzeko eiherako behitegi arraberrituan. Amikuzeko ESKUKULAko hiru lagun eta 4KOPLASARA taldeko beste lau, beren buruekin lehiatu ziren behatzaile andana berotuaren aitzinean. Azkenik, baina hori ez da ez interesgarri ez sinesgarriena, Sarakoek bildu zuten lehiaketan aitzina joaiteko txartela.
Saioa hastean, tokiko eiherzainak agurtu gintuen bertsotan. Hona hemen irudietan :
Ondotik bi taldeek beren agurrak kantatu zituzten, erdi irri, musikarekin edo gabe, hor puxka bat libroan ari zazikigu formatu huntan, bakoitzak bere burua laudatuz eta parekoak apalduz ahal bada.
Bi taldeetan, bertsulari konfirmatuak eta bertsulari aprendizak baziren. Baina, erran behar da azken hauetan aitzineko Xilabatik aldaketa sumatu dugula, eta sentsu onera, bertsuak aiseago jiten zirelako, eta ofiziotan egiazko elkarrizketak izan zirelako ere, usu bakarrizketa paraleloak izaiteko arrizkua delarik, eta batzutan, ideia batzuen txinpartak hunki gintuela.
Langintza guzietan bezala, esperientzia hartzeak bere bidea egiten laguntzen du, urratsez-urrats hobera joanez, bakoitzak bere baitarik egiten duen lana ahantzi gabe, eta bertso eskolako ariketak dira hortan ere bultzazaile.
Biba guziak beraz, izan Amets, Ramuntxo, Ellande, Pettan, Bittor, Julene ala Laida, gaualdira hurbildu ziren 80 afaltiarrek esku zarta beroekin eskertu zintuzteten. Eta, ez gaituzue sinetsiko baina, eiherako nazan lo ziren aingirak, gure txaloeri juntatu ziren ur azalean xapla-xapla eginez beren buztanekin …
Hona hemen bi taldeen agurrak. Saioko gehiago bertso entzuteko, jo ezazu hemendik Euskal irratietako PUNTTUKA emankizuneraino.
Hona J Claude Mailharinek kantatu bertsoak :
Alfer egonik sobera,
Hasi da ene galera,
Gelditzen ura,
Usteltzen zura,
Hilen ninzanez arrangura,
Kontsolatzeko ene tristura
Beti entzun dut Euskara!
Flako ninzen ta zaharra,
Galdua nuen indarra.
Moztu belharra,
Kendu naharra,
So zonbat nizan ederra!
Hemen nauzue mokofierra
Amenduzeko Eihera!
Oi koblakari mesedez,
Argi zak gaua izarrez,
Irin amentsez,
Ta bertso onez,
Nekez balinbada nekez;
Ene turrusta, bai atseginez,
Azkartuko duk nigarrez!
Ezin komenta gehio.