Berriz hor gira lau ostegunekin otsail huntan. Huna moldatu dugun egitaraua : 02/01an, hizkuntz eskubideen araberako hizkuntza politika batetaz Haitzpea Abrisketa eta Argitxu Etxandirekin ; 02/08an, etxekoen janaria etxekoz-etxeko egiteaz, Gorka Torrerekin ; 02/15an Amikuzeren bilakaeraz Jean Errecart-en aroan, Auxtin Errotabehere, Jean Claude Mailharin eta Batita Bolokirekin ; 02/22an Asisko Urmenetarekin « Eusklabo alaiak » bere azken komikiaren inguruan solasean. Gaualdia guziak arratseko 8ak30etan hasten dira, eta Donapaleuko auzitegi ohian den herri elkargoko bilkura gelan izaiten dira.
Otsailaren 1a
Gure hizkuntz eskubideek ze hizkuntz politika suposatzen dute ?
Hizlaria : Haizpea Abrisketa, Kontseiluan Hizkuntz eskubideen protokoloaren arduraduna eta Argitxu Etxandi, zuzenbide ikerlea.
Orohar gure hizkuntza ez da desagertzeko lanjerretik salbu. Egin, egiten dira gauzak, baina medikuak eritasunari dohakion erremedioa hautatzen duenean bezala, zein dira gaur egiten ditugun gauzetan placebo hutsak direnak eta zein osasunera itzultzeko balio luketen hizkuntz politikak ? Hitz batez erraiteko, gure hizkuntz eskubideak nola errespetatuak izan daitezke ? Hortaz mintzatzeko Euskararen gizarte erakundeen Kontseiluko Haitzpea Abrisketa Urruñarra eta Zuzenbide ikerlea den Argitxu Etxandi Izpurarra gomitatu ditugu. Huna beren solasa zein izanen den :
Hizkuntza eskubideak oinarri hartuta Kontseiluak Europako 30 hizkuntza komunitateetako 120 eragile baino gehiagorekin batera 185 neurri biltzen dituen Protokolo bat osatu dute. Bertan hizkuntza gutxituetako hizkuntza komunitateek beren egoera irauli eta berdintasun egoerara heltzeko beharrezkoak diren neurriak zerrendatzen dira.
Solasaldi honetan protokoloaren aurkezpena eginen dugu baina batez ere protokoloak tresna bezela zoin balio dituen aztertuko dugu eta geroari begira ipar Euskal Herriko testuinguru berri huntan zoin aukera eta tresna behar dugun ausnartu nahi genuke hizkuntza eskubideen ikuspegitik. Nola hobetu dezakegu gure hizkuntzaren egoera hizkuntza eskubideen ikuspegitik? zein ekarpen jaso dezakegu hortik eragiteko?
Uste dugu Hizkuntza gutxitu batek bizirauteko tresna indartsu eta eraginkorrak behar dituela, hots, Hizkuntza politika integral batek soilik erantzungo diola egoerari. Eta horretarako ezinbestekoa dugu lehen bezela orain ere herri dinamika eraikitzaileak atxiki eta garatzea.
Otsailaren 8a
Etxekoen janari guzia ekoizteko laborantxa
Hizlaria : Gorka Torre, familiaren esperientziatik mintzo.
Giren lekurat helduak girela, eta dugun mundu hau dugula begipean, bi galde egin daitezke :
- Nola kendu zieten laborariei etxekoen janari guzia ekoizteko posibilitatea ?
- Nola, merkatuan sartuz, laborantxa kutsatzailea bilakatu zen ?
Behorlegi Intxauzpean, Odei Bimboire eta Gorka Torreren familian, behar dituzten janari guziak etxekoz-etxeko egiteko helburuarekin, beren esperentzia daramate. Alde pratikoan, beren hautuak ainitz jakintza eta espregu lantzea erran nahi du, eta alde filosofikoan berriz, erroak bezain abarrak luze dituen kausa-ondorioen soka txirikordatzea asmo ditu. Huna beren erranetarik, laborantxa mota hunen helburuak bat bestearen segidan emanak hemen berean :
« kutsadurarik ez sortzea ; beroketa klimatikoa ez eragitea ; etxaldeko energia naturalak erabiltzea ; lan tresna sinple eta ez motorizatuak erabiltzea ; hirien haunditze katastrofikoari aurre egitea ; planeta desegiten ari den gehiegizko haragi kontsumoa txikitzea ; jaten ditugun abereak guhaurek hiltzea ; merkatutik ateratzea ; merkatuak desegin dituen auzolana eta biltzarrak berreraikitzea ; Euskal Herritarren independentzia eraikitzea ; lan kantitatea gutxitzea ; landa eremuen estetika berreskuratzea ; landareen hazkuntzaren edertasunaz gozatzea ; bioaniztasuna garatzea ; hazien kontrola osoa berreskuratzea ; haurrentzat hezitzaile izatea. »
Hitzaldi teorikoa, etxekoen janari guzia ekoizteko bidean den etxalde baten esperientzia praktikoen aipamenarekin batera eginen da.
Agian, « garapenak » ezarri eta ezartzen ari gaituen ateka gaixtotik jalitzeko xendrak ezagutzeko balioko du gaualdi hunek.
Otsailaren 15a
Jean Errecart eta Amikuzeren bilakaera
Berriki Auxtin Errotabeherek « Jean Errecart, la grande mutation » (Jean Errecart, mutazio handia) liburua agertu du frantsesez ELKAR argitaletxearen eskutik. 1945ko gerlatik landa gure lurraldearen egoera irauliko zituzten legeak izan dira. Jean Errecart, aldaketa horien erdian gertatu zen eta horien gidari ere, beste hainbatekin alabaina, alde ekonomikoan bezainbat sozialean : elektrika, ura eta bideak etxeetara ekarriz bixtan dena, baina bereziki etxetiargoaren klase sozial apalenaren altxatze ekonomikoa gauzatuz, LUR BERRI koperatifaren bidez, arto hazitakoarekin eta beste…
Ohartu behar da Amikuzen, gaineratiko Baxenabarren ez bezala, laborarien %80a zirela etxetiarrak. Feodalismoari konpara daitekeen gauza ahantzi bat da orai etxetiargoa, baina imajinatu behar da lurjabe handi batzuen peko zirela hauek, etxalde ttipi batzuetan, beren ekoizpenaren erdia nagusiari zor ziotela, berak deus gutirekin bizi behar zutelarik beren familiarekin.
Gerla ondoan, afermaren legeak errota itzulikaraztea ahalbidetuko du. Alabaina, aldaketa ez zen ura errekan ixurtzen den bezain aise egin !
Pare bat hamarkada laburrez, egoera trixte batetarik jali zen Amikuzeko jendartea, aldiz aldaketa orok, zerbait uzten du bide bazterrean, euskal identitatea adibidez gure kasuan, eta ongiak bere gaitzak dituelakotz berekin, gaurko begiz ikus ditzazkegu produktibismoari loturik direnak gure gainean ditugula indarrean. Aldiz, mendi eskualdean, hastapeneko egoera desberdina izanki, desberdinki egin da garapena, identitateari dohakionez konparazione.
Gaualdi horren helburua, Jean Errecart-en ibilbideaz balia, garai horien oroitzeko baliatuko dugu, nundik jiten giren ikusteko, eta nolaz honaino helduak giren argitzeko. Hiru hizlari izanen ditugu bidelagun : Auxtin Errotabehere, Jean Errecart-en ibilbideaz argitzeko, Jean Claude Mailharin Amenduztarra etxetiargoak Amikuzen izan duen pizuaz eta nola gauzak aldatu diren kondatzeko, eta Batita Boloki, Etxarriko AFMReko eskolier batzuek mendi aldean eta Amikuzen zertan bermatu den garapena agertzeko asmoz eraman inkesta baten ondorioez aritzeko.
Otsailaren 22a
« Eusklabo alaiak » : gure dramaren komikia
Hizlaria : Asisko Urmeneta komikigilea
AsisKoren teleberri grafiko berria dugu eskuen artean. Fikzioaren estakuruan -Robinson Crusoe eta Ostiralen arteko harremanen berrirakurketa da liburuaren ardatza- gure buruaren parodia kritikoa marrazten dauku. Alabaina, asmatu beharko zinuten, gu Ostiral gira, gu hori herri ukatu gisa identifika gintezken banakako horiek guziak girelarik. Eta mirailaren parean ezartzen gaitu zikili sortzaileak : autoestimu kaxkarra, erdaldunarekin sumisioa, populu bat beti eskean dabilena… Alien-nazioa, ororen buru, bere hitzetan. Eta karikaturatik haratago, ildo politiko argia planteatzen dauku : emantzipazio mentala dukegu lehen urratsa emantzipazio nazionalera buruz jotzeko… ez gira txipiak, ez gira inoren barne-afera, ez gira estaturik gabeko herria… eta sustut, ez dugu baimendu gure buruaren kontrako bahimendua. Solasaldi-eztabaida honetan ikusiko dugu independentzia ez dagokiola zientzia fikzioari, baina zientzia politikoari. Egingarri ezezik, nahitaezkoa.
Agian, Katalunian azken 5 urteetan bero-beroan gertatzen direnen ulertzeko balioko dauku, eta agian gurean gertatzen diren beste hainbaten irakurtzen lagunduko gaitu. Dena den, gauzak buruan hasten direla erakutsi nahi dauku, bakotxarenean, eta burutzen badira edo ez badira, buruan egin beharrezko aldaketak egin edo egin ez direlako izan daitekela…
2012an, Deskonkista eguna antolatu zen Donapaleun, Nafarroa bizirik ekimenarekin eskuz-esku. Jada orduan, talde bultzatzaile arin hartan partaide izan zen Asisko ere. Nolazbait, hor dugu berriz gure artean, orduko ideiari mamia emanik, marrazki hitz eta konzeptu-joko erauntsi batean.
On dagizuetela aurtengo Otsail ostegunek ere, zuri bereziki, honaino heldu ziren irakurle horri ;)))
Ezin komenta gehio.