Duela 500 urte, 1523ko agorrilaren 18 eta 28 artean, Nafarroako erresumako estatu nagusiak Donapaleun biltzen ziren. Henrike II. erregeak zin egiten zien beren legeak errespetatuko zituela eta ordainez estatu nagusiek fidelitatea hitzemaiten zioten, usaia zen bezala gure erresuman.
Garai biziki nahasiak ziren, gerla urteak, Espainiako erresumak anexio gerla hasiz geroztik 1512an. Nafarroa guzia beretu zuen, eta 1521ean, Nafarroako armadak eta bere aliatuek lurralde guzia libratzen dute ofentsiba azkar batean. Maleruski, Noainen, espainiako armada berriz nagusitzen zaie, eta ondorioz mendiz hegoaldeko lurralde guzia berriz bereganatzen du arrotz inbaditzaleak.
1522an, Amaiurko gazteluan 200 nafartar gudari gotortzen dira, eta 10000 soldadoko espainol armadak suntsitzen ditu agorrilaren 22an. Urte bat berantago, ia egunez-egun, Donapaleun biltzen dira Nafarroa subiranoaren estatu nagusiak, noble, eliza eta herri ordezkariez osatua dena, Henrike II. beren erregearekin. Ordutik, Donapaleun kokatuko dira erresumaren instantzia gorenak, monera fabrika, kantzilergoa, zeina den estatuaren justizia instituzio gorena, presondegia bat ere alabaina (argazkian duzu haren atea).
Nafarroa, ordurako, Baxenabarre den horretara hertsatzen da, eta erresuma subirano izanen da oraino 1620 arteraino eta gero hein batean bederen, frantses iraultza arte, non Frantziak irensten baitu de facto.
Urtemuga horren ohoratze egun bat prestatzen ari dira ZABALIK elkartea eta herriko etxea. Erakutsi ez zaigun historia horren gogoratzea da xedea eta gure nafar identitateaz harro girela erakustea. Datorren buruilaren 09an eginen da pesta egun hori. Hona larri-larria prestatzen ari den egitaraua :
- goizean 10etan : 3 konferentzia, Alvaro Adot, Beñi Agirre eta Peio Monteano historialariek garaiko gertakariak esplikatzeko
- eguerdi irian : memoria ekitaldia, duela 500 urtekoa ohoratzeko
- bazkari animatua (tokiak mugatuak, deitu 06.78.22.57.78)
- 3etan : Donapaleu zaharreko bisita gidatuak, euskarazkoa Amikuzeko bertsolariekin
- 4etan, Donapaleuko karriketan ibilaldia : Nafarroa guziko dantza eta musika taldeekin : Amikuze eta Kanboko ziganteak, Baigorriko gaiteroak, Ortzadar Iruñeko dantza taldea, Oinarin Antzuolako dantza taldea, Arizkungo Ezpata Dantzariak, Burgaintzi Amikuzeko dantza taldea, Kilimon joaldunak, …
- 5etan : NAFARROA BIZIRIK Ikusgarria Nafarroako guziko kantu eta dantzekin : karrika itzuliko dantza taldeek + Amikuzeko 44 kantarik moldaturik.
- ondotik jateko, edateko, kantu, dantza, Txitxilioak txaranga, Burgaintziko txaranga, Gaitamikekin.
- gauean, dantzaldia GAUERO taldearekin
Atxik gaurdanik buruilaren 9ko eguna, gure nafartar kontzientzia biziriaraz dezagun oraino beste 500 urtez !
Ezin komenta gehio.